Erdi Aroko azokan ateratako argazkiek saria izango dute
Hondarribiko Udaleko Merkataritza eta Turismo sailak Erdi Aroko argazki lehiaketa antolatu du. Edonork parte hartu dezake.
Asteburu honetan Erdi Aroko Azoka Hondarribira itzuliko da, eta urtero bezala, azokan ateratako argazkien lehiaketa abiatuko dute. Hondarribiko Udaleko Merkataritza eta Turismo sailak antolatu du.
Lehiaketan parte hartu nahi dutenek Erdi Aroko Azokak duen xarma islatzen duen argazki onena bilatu beharko dute.
Erdi Aroko Azoka bihar goizeko 10:00etan zabalduko da. Itxiera, berriz, igandean izango da 21:00etan.
Aurkeztutako lanen artean hurrengo urteko azoka aurkeztuko duen karteleko irudia aukeratuko dute.
Irizpideak
Argazkiak koloretan ala zuri beltzean aurkeztu ahal izango dira. Partaide bakoitzak lau argazki aurkez ditzake gehienez (saritu edota argitaratu gabeak). Irudiak 20 x 30 zentimetrokoa izan behar du, marko edo euskarririk gabe.
Argazki bakoitzaren atzekaldean aurkeztutako lanaren izenburua idatzi beharko da (argazki bat baina gehiago aurkeztekotan bakoitzak izenburu bat izango du), baita gutunazalean ere. Lanen izenburuez gain, gutunazalean, ‘Erdi Aroko Azoka Argazki Lehiaketa 2023’ idatzi behako da ere.
Kartazalaren barruan bigarren gutun azal bat egongo da. Bertan, egilearen izen abizenak, helbidea, N.A.N. aren fotokopia eta telefonoa idatzi beharko dira.
Lanak aurkezteko epea
Lan guztiak uztailaren 3aren eguerdiko 13:00ak baino lehen aurkeztu beharko dira.
Hondarribiko BAZ bulegoan zuzenean edo posta bidez aurkeztu daitezke hurrengo helbide honetara: Hondarribiko Udala – BAZ (Biztanle Arreta Zerbitzua) Kale Nagusia, 20, 20280 Hondarribia (Gipuzkoa)
Sariak
Irabazleak 500 euroko saria jasoko du, bigarrenak 400 euro eta hirugarrenak 300 euro.
Sari banaketa Hondarribiko Jai Nagusietan izango da.