Mendibil auzoa aztertzeko esleipena egin du udalak
Obra arloak erdiguneko Mendibil auzunearen beharrak aztertzeko kontratuaren esleipena egin dio Enean Kooperatiba Elkarte Txikiari. Bestalde, udaletxe atzeko partzela, Jesus eta Prudencia Arbide kaleen artekoa berrurbanitzatzeko proiektua idazten hasi direla ere jakinarazi du Cristina Laborda ordezkariak.
Irungo Udaleko Obra arloko Cristina Laborda ordezkariak gaur eman dituen azalpenen arabera, Mendibil auzunearen beharrak aztertzeko kontratuaren esleipena egin du dagoeneko udalak, Enea Kooperatiba Elkarte Txikiari hain zuzen, 17.569,20 euroan.
Joan den astean Erdiguneko Auzo Elkarteak auzunearen “utzikeria egoera” salatu zuen eta hiru puntutan bereizi zituzten egindako eskaerak. Horiek lotura honetan irakur daitezke.
Bestetik, udaletxearen atzealdeko partzela, hau da, Jesus karrikaren eta Prudencia Arbide karrikaren artean dagoena berrurbanizatzeko proiektua idazten dabiltzala adierazi du jarduneko ordezkariak. Partzela “hobetzea” dute helburu.
Bi jarduketak “herritarren proposamenei erantzuten” dietela baieztatu du Labordak. Mendibili buruz azaldu du azterketaren asmoa “auzoaren beharrak” aztertzea dela, eta auzoaren faktorea “berezia” dela esan du, “goialdean” dagoelako.
Jesus eta Prudencia Arbide karriken artean ez du zehaztu ordezkariak “herritarren proposamen bati” erantzuten dion ala ez, baina herritarrek biderik gabeko lursaila erabiltzen dutela agerikoa dela hartu izana kontuan posiblea da. Izan ere, erabilerarekin egindako bideak sortuak dira.
Kasu batean zein bestean, “behin lehenengo zirriborro edo alternatibak eskuan, beste proiektu batzuen esparruan bezala, dagokion auzo elkartearekin kontrastatuko” dituzte.
Mendibil auzunea
Mendibil auzoan trafiko norabide aldaketak egin berri dituzte eta “berrikuntza” gehiago egin nahi dituztela berretsi du udal ordezkariak. Aurreikuspenen arabera, Juan de Albisu kaleko espaloia zabalduko dute eta “oinezkoen irisgarritasuna hobetuko” dute ere.
Apirilean iragarri zuen Mugikortasun arloko Borja Olazabal ordezkariak bosgarren autobus linea bat sortuko duela udalak, eta linea hori, besteak beste, Mendibil auzunetik pasako dela. “Berrikuntza” hori gogoratu du gaur udalak Mendibil auzunerako dituzten planen barruan.
Apirilaren 28ko osoko bilkuran onartu zuten 5. autobus linea sortzeko kontratua eta zerbitzua martxan jartzeko “lau ibilgailu elektriko” erosiko zituztela iragarri zuten. Gaur gaurkoz, linea ez dago martxan eta autobusaren beharra ere izan zen auzo elkarteak egindako erreklamazioetako bat.
Udalak gaur jakinarazi duen azterketarekin “irisgarritasunari eta argiztapenari” lotutako beharrak behatuko dituzte. “Antzematen diren arazoen konponbideak bizi kalitatea hobetzeko bertakoentzat eta bisitarientzat giro atsegin eta osasungarriagoa sortzeko eta auzoaren nortasun historikoa babesteko aukerak izango dira.
Udaletxearen atzeko partzela
Udalak Jesus karrikaren eta Prudencia Arbide karrikaren arteko partzela, hau da, udaletxe atzekoa “hobetu” nahi du. Horretarako “berrurbanizazio proiektu bat” idazten dabiltzala iragarri du Labordak. Horren arduraduna da Girden Ingenieros enpresa, 41.987 euroko esleipena egin zaiolarik.
Proiektuak “Jesus eta Prudencia Arbide karriken arteko irisgarritasun arazoak konpondu beharko ditu”, eta kontuan izan beharko dute bi karriken artean lotune bat sortzea. Aldi berean, berdegunearen berrurbanizatzea zehaztea galdegin dute, “eta, horrela, hirian erabilera anitzeko espazio berri bat sortuz, balio erantsia emango dio hari”.