Garaipen berezia agurren egunean
Bidasoak garaipenarekin itxi du aurtengo sasoia, agurrek eta emozioek markatutako azken partidan. Bost jokalarik esan diote agur taldeari, eta festa giroa nabarmena izan zen Artalekun.
Bidasoa Irunek garaipen bereziarekin itxi du 2022-2023 denboraldia. Agurrek eta emozioek markatu zuten sasoiko azken neurketa, Julen Aginagaldek, Jon Azkue kapitainak, Ander Ugartek Victor Rodriguezek eta Mihajlo Miticek taldea utziko baitute. Bidasoa 32-31 nagusitu zen Puente Genilen aurka, eta festa giroa nabaria izan zen Artalekun.
Bidasoa oso sartua egon zen partidan hasieratik eta argi utzi zuten denboraldia garaipenarekin itxi nahi zutela. Hala ere, lehen zatian berdintasuna izan zen nagusi, baina irundarrak aurretik iritsi ziren atsedenaldira (16-13).
Bigarren zatiaren hasieran Bidasoak lauzpabost goleko abantaila lortu zuen, eta Puente Genil errenta hori murrizten saiatu bazen ere, ezin izan zuen lortu. Horrez gain, minutu batzuk pistako agurrek markatuta egon ziren, eta taldea utziko duten bost jokalariek betea zegoen Artaleku batez agurtu ziren. Azkenean, puntuak etxean geratu ziren (32-31) eta Bidasoak jarraipena eman zion osatu duen ligako bigarren itzuli ikaragarriari.
Denboraldiko azken neurketaren ondoren, iragarri bezala, Bidasoa Irunek Julen Aginagalderen 13 zenbakia erretiratu eta Artalekuko horman zintzilikatu zuen. Elastikoaren erretiroarekin, Bidasoak Aginagalderen 24 urteko ibilbide profesional loriatsua aitortu du.