Bioterrako XX. ekitaldia, "biribila"
Orotara, 121 enpresek hartu dute parte azokan eta 10.000 pertsona baino gehiago bertaratu dira Ficobara. "Asteburu osoan zehar giro bikaina egon da", esan dute antolatzaileek.

Bioterra produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren Euskadiko azokak XX. ekitaldia ospatu du asteburu honetan Ficoban. Ostiraletik igandera 121 enpresek ezagutarazi dituzte beren proposamenak Irungo erakustazokan, eta jarduera osagarri mordoaz gozatzeko aukera izan dute bertaratu direnek; hala nola, hitzaldiak, tailerrak, showccoking-a, Yoga Day-a eta food truck-a.
Orotara, 10.000 pertsona baino gehiago gerturatu dira Ficobara asteburuan, iaz baino %6 gehiago. Antolatzaileek zehaztu dute atzokoa izan zela egun jendetsuena, 4.100 bisitari baino gehiago zenbatu baitziren. Horrez gain, enpresa parte hartzaileek Bioterra baikor baloratu dutela jakinarazi dute antolatzaileek, azokari nota altua emanez. %83ak adierazi du hurrengo urtean itzultzeko asmoa dutela. Ficobara bertaratu diren bisitariak ere “pozik” geratu direla aitortu dute antolatzaileek. “Asteburu osoan zehar giro bikaina egon da”, esan dute.
Gauzak horrela, Bioterrako XX. ekitaldia “biribila” izan dela nabarmendu du Maialen Gaztañaga azokaren zuzendariak. “Bisitan etorri zaizkigun guztiei esker, azokak giro bikaina izan du asteburu osoan. Erakusketa oso jendetsua egon da, eta gauza bera gertatu da Bioterran egin diren hamarnaka jardueretan. Azokako txoko guztietan giro aparta egon da. Bioterraren hogeigarren urteurrena ospatzeko modu bikaina izan da”.