Udan, 172 ikastaro hiriko kiroldegietan
Irungo Udalak prest ditu jada Artaleku eta Azken Portu kiroldegietan uztailean, abuztuan eta irailean egingo diren ikastaroak. Datorren asteartean irekiko dira izen-emateak.
Irungo Udaleko Kirol arloak jakinarazi du datorren astean irekiko dela Artaleku eta Azken Portu kiroldegietan uztailean, abuztuan eta irailean egingo diren ikastaroetan izena emateko epea.
Orotara, 172 ikastaro programatu dira hiruhilekorako. 85 igeriketakoak dira, eta 87, aretokoak. Horietatik 69 Artalekun egingo dira, eta gainontzeko 103ak, Azken Portun. Guztira, 1.382 toki eskainiko dira: 563 Artalekun eta 819 Azken Portun.
Udalak adierazi du ikastaroen inguruko informazio guztia udalaren atarian argitaratua dagoela, izena emateko prozesuaren berrikuntzen barruan. Interesdunek, abonatuak izan edo ez, udalaren webguneko estekan eman dezakete izena. Aurrez aurre ere egin daiteke inskripzioa, kiroldegietako harreran.
Izena emateko epea hilaren 6an irekiko da abonatuentzat, 08:00etan. Abonatu ez direnen inskripzioa, aldiz, hilaren 9ko 08:00etan hasiko da. Horrez gain, tokiak izena emateko ordenan esleituko direla zehaztu dute.
Matrikula, doan
Udalak jakinarazi du, ekainean kiroldegietan alta ematen duten erabiltzaileek %100eko deskontua izango dutela matrikulan: lau hilabeteko kuota bakarrik ordaindu beharko dute, ekainetik irailera bitartekoa.
Eskaintza horri esker, dagoeneko abonatuak diren gurasoen seme-alabek matrikulari dagozkion 43,16 euroak aurreztuko dituzte. Helduek, berriz, beren tarifari dagozkion 77,65 euroak.
Abonatzeak beste abantaila batzuk ere badakartzala iragarri du udalak: ikastaroetan izena emateko lehentasuna izatea eta tokia ikasturte bukaera arte erreserbatzea; ikastaroetan eta fisioterapia zerbitzuetan prezio murriztuak ordaintzea; eta frontoian, trinketean eta squashean asteko doako ordu bat izatea.