Jai Nagusietako kartela aukeratzeko lehiaketa, martxan
Kartelaren lehiaketan edozeinek du parte hartzeko aukera. Lan guztiak BAZ-en aurkeztu beharko dira.
Hondarribiko Udaleko Kultur Sailak, beste urte batez, jai nagusietarako kartel lehiaketa abiarazi du. Kartelaren lehiaketan edozeinek du parte hartzeko aukera, jarraian agertzen diren baldintzak modu egokian betetzen badituzte:
– Kartelak bertikala izan behar du (70 x 50 zentimetrokoa). Markoa jartzea egileen esku geratuko da.
– Guztiek “Hondarribiko Jaiak 2023ko Iraila” leoa izan beharko dute.
– Atzealdean lana beraren lema idatzi beharko dute. Kartazalean ere lema horrek agerian egon beharko du.
– Kartazalaren barruan egilearen izen-abizenak, helbidea, N.A.N.en fotokopia eta telefonoa idatziko dira.
– Lanak ez dute egilearen sinadurarik izan behar.
Lan guztiak BAZ-en aurkeztu beharko dira, gutun azalean “2023ko Jai Nagusietako Kartel Lehiaketa” jartzen duelarik. Kartelak aurkezteko azken eguna ekainaren 20a izango da, eguerdiko 13:00ak baino lehen.
Jai Nagusietako irudi ofiziala epaimahai batek aukeratuko du. Jai Nagusietan egingo da sari banaketa: irabazleak 650 euroko ordainsaria eskuratuko du. Bigarren sailkatuak 300 euro lortuko ditu, eta hirugarrenak 200 euro.
Abuztuaren 28tik irailaren 18ra Arma Plaza Interpretazio Zentroan erakusketa bat zabalduko dute aurkeztutako lan guztiak ezagutarazteko.