«Herritarrekin eta eragileekin irekiagoak izan nahi dugu»
Hauteskundeetara aurkeztu den hirugarren aldian lortu du irabaztea Abotsanitzek. Hiru zinegotzi irabazi dituzte, garaitezina zirudien EAJk galdu dituenak. Alardean, elkarrizketa sustatu eta adostasunetara iritsi nahi dute.
Abotsanitzek irabazi ditu hauteskundeak. Zuen kanpaina batek zioen «elefante zuria mugitu behar da», eta hori lortu duzue.
Herriak hitz egin du, eta eskerrak eman behar zaizkio arduraz jokatu duelako, eta bere nahiak adierazi dituelako. Emaitzetatik ondoriozta dezakegu elefantea mugitzeko aukera balioetsi dela. Herriari eskerrak eman nahi dizkiogu eskainitako konfiantzagatik; buru-belarri jardungo naiz herria hobetzeko lanketan.
Hondarribian agian hainbeste ez, baina kanpoan harritu dezake emaitzak. Zuek espero al zenuten irabaztea?
Abotsanitzek zortzi urteko ibilbidea du. Sortu zenetik hazten joan den proiektua izan da, bai bere sarean, baita udaleko ordezkaritzan ere. Nabaritzen genuen aldeko haizea genuela, eta hazkuntza prozesuan geundela, sektore askorekin lanketa egin dugulako; konplizitate batzuk sentitu ditugu. Ez genuen uste, baina, horrelako aldaketa emango zenik. Uste genuen EAJk gehiengo osoa gal zezakeela, gu hurbil gintezkeela, baina espektatibak gainditu ditu.
Foru aldundietako bozetan, baina, EAJk irabazi du. Aipatu duzunaz gain, beste faktore batzuk ere egon zitezkeen?
Aldagai bat baino gehiago dago, zalantzarik gabe, horrelako emaitza baten atzean. Uste dut herrian bazegoela nolabaiteko neke bat talde berak aldebakartasunez gobernatzearekin.
Beste hainbat gatazka piztu dira azken urteetan: Zaldunbordakoa, hainbat kolektiboren grebak… Herritarrak ere mugitzen hasi dira, eta hainbat elkarte martxan jartzen hasi dira azken urteotan: merkatarien elkartea, bi auzo elkarte berri, Blagan, Balazta… Herria kolektibizatu egin da. Horiek badira gakoak erabili den botoa aldatu dela pentsarazteko. Balioa eman nahi diot herrigintzari eta politikari, eta Abotsanitz herrigintzatik eta herriarentzako lanean ari den taldea da. Ohiko politiketatik harago jarduten garen taldea gara, eta herritarrengana gerturatzeko, haien sentsibilitatea ezagutzeko edo bidezko irizpideak ezartzeko lanean aritu gara. Batzuek hasieran ez gintuzten sinisten, edo kosta egiten zitzaien. Uste dut zilegitasuna lortu dugula aipatzen genituen gaiak frogatu ahal izan ditugulako; denborak arrazoia eman digu, gobernu taldeak hasieran bortizki erantzuten bagintuen ere.
EH Bilduk iragarri du «aldaketa gauzagarria» bideratuko duela. Alkate-makila ukitzen al duzue?
Ekainaren 17a baino lehen gehiegi esatea izango litzateke, nire aldetik. Asmoa badugu alkatetza hartzeko. Ez talde bakarrarekin lanketa egiten, gehiagorekin baizik. Ez dugu gehiengo osorik, baina aurkeztuko den beste talde batek ere oso zaila edukiko luke.
EH Bildurekin eta alderdi sozialistarekin harremanak ditugu. Hainbat gai partekatu ditugu. Nik neuk EAJko ordezkariekin ere biltzeko asmoa dut, zenbait funtzionamendu adosteko. Erakutsi dugu oposizioko hiru alderdiak adostasun batzuetara iristeko gai ginela. Bereziki bat egiten dugu moduetan: irekiagoak izan behar dute, partekatutakoak, gardenagoak. Aldebakartasunetik gobernatzeko ez dut asmorik. Gainontzeko alderdiekin, eta herritarrekin nahiz eragileekin irekiagoak izan nahi dugu. Beraien parte hartzea eskatuko dut, edo bestela ni gerturatuko naiz haiengana, konfiantza eremuak sortzeko.
Hondarribiaren ezaugarri nagusietako bat da Alardea. Berria-n aipatu zenuen «elkarrizketa» izango duzuela ardatz.
Gatazka urte luzez hedatu da, gehiegi, eta gatazkari heltzea gustatuko litzaiguke. Ez dakit konponbidea ezartzea nire esku egongo den, baina sinesten dugu konponbidea adostasunez emango dela. Lan egin behar da, errealitate batetik abiatuta. Alde eta ikuspegi ezberdin asko daude, eta gutxieneko batzuk adosten saiatu behar gara. Horren ondoren, adostasun batzuetara iritsi nahi dugu. Alardea herritarren ondare immateriala da, eta erakundeek babestu egin behar dute. Ondare horrek ibilbide osasuntsu eta jasangarria izan dezan espero dugu datozen urteetan.
Gure jomuga Alarde bakar eta publikoa da, baina gaur egun bizi dugun errealitatetik hasi behar dugu lanketa. Agian gustukoen dugun soluzioa aurkituko dugu, edo beste termino batzuetan adosten da. Uste dut, behin prozesua martxan jartzean, urratsak atzeraezinezkoak izango direla. 25 urte behar izan ditugu modu naturalean hitz egiten hasteko. Azken urteetan badirudi badagoela elkarrizketarako aurretiko jarrera bat, eta adostasunetara eraman behar dugu; hor egongo da giltza.