Emozioz beterik itxiko du bihar Bidasoak denboraldia Artalekun
Julen Aginagalderen ibilbide profesionaleko azken partida izango da biharkoa, eta klubak bere elastikoa erretiratuko du, 24 urtetan osatutako bide loriatsua aitortzeko.
Emozioz beteriko partida bizituko da bihar Artalekun. Bidasoa Irunek 2022-2023 sasoia agurtuko du Puente Genilen aurka, 18:30ean, eta denboraldia ixteaz gain, Julen Aginagalde, Jon Azkue, Ander Ugarte, Victor Rodriguez eta Mihajlo Mitic jokalariek agur esango diote talde irundarrari.
Kirol arloan, Bidasoak sailkapeneko laugarren postuan bukatuko du Asobal Liga. Aurreko jardunaldia Europako Txapelketetara sailkatzeko aukerekin bukatu bazuten ere, asteazkeneko Granollersen garaipenak Europara bosgarren urtez jarraian joateko aukera gabe utzi ditu bidasoarrak. Hala ere, osatu duten bigarren itzulia ikaragarria izan da, eta Europara iristeko gertu geratu dira. Sasoia bide beretik bukatu nahi du Jacobo Cuetarak: “Ahalik eta puntu gehien lortzeko ideiak hor jarraitzen du. Bigarren itzulian 23 puntura iristeko aukera dugu, oso erregistro ona da. Pena da, ahal izan dugun guztia egin dugu, gertu geratu gara bigarren itzulirako planifikatu genuen erremontean, eta pozik geratu gara egindako lanarekin”.
Biharkoa partida berezia izango da, jarduera eta emozioz beterikoa, eta Cuetarak Artalekuko harmailak betetzera deitu ditu zaleak: “Taldeak ikuskizun ona eskaini nahi du, eskubaloi ona eginez. Oso giro ona egongo dela uste dut, kluba jarduera asko prestatzen ari da egun berezia izan dadin, eta mundu guztia animatzen dut etortzera, ikuskizunaz gozatzera eta jokalariak agurtzera”.
Julen Aginagalderen agurra
Orotara bost jokalarik taldea utziko badute ere, Julen Aginagalde da denetan esanguratsuena. Irundarrak agur esango dio goi mailako eskubaloiari, biharkoa izango du bere ibilbide profesionaleko azken neurketa. Bide oparoa osatu du eskubaloian. 1999an hasi zen Bidasoan, eta etxeko taldean itxiko du bere profesional zikloa 24 urteren ondoren. Bidasoaz gain, Ademar de Leon, Ciudad Real, Atletico de Madril eta Poloniako Kielce taldeetan egin du bidea pibote irundarrak, lorpen ikaragarriak erdietsiz. Europako eta Munduko txapeldun izan da Espainiako selekzioarekin, eta talde mailan, ligak, kopak edota Txapeldunen Ligak irabazi ditu.
Puente Genilen aurkako partidaren ondoren, klubak denboraldi bukaerako ohiko ekitaldia egingo du Artalekun, eta omenaldia egingo die taldea utziko duten bost jokalariei. Aginagalderen kasuan, Bidasoak bere elastikoa erretiratuko du, eta bere ibilbide profesionalean eraman duen 13 zenbakia Artalekuko horman zintzilikatua geratuko da betiko, “Euskal Herriko, Gipuzkoako eta Irungo klubeko eta hiriko kirolari arrakastatsuenetako baten aitorpen gisa”.
Horrez gain, aste honetan aditzera eman dute Aginagaldek Espainiako Eskubaloi Erret Federazioaren Urrezko eta Brillantezko intsignia eta domina jasoko dituela. Federazioko zuzendaritza batzordeak onartutako saria hilaren 10ean Madrilen ospatuko den 2023ko Sari Nazionalen galan banatuko da, eta jokalari irundarraren ibilbidea aitortu nahi dute.
Partida berezia, elastiko berezia
Biharkoa Aginagalderen azken partida izango denez, Bidasoak elastiko berezi bat sortu du. Aurrealdean bere izen-abizenak eta debut eta bukaera urtea azalduko dira (Julen Aginagalde Akizu, 1999-2023). 13 zenbakiari erreferentzia eginez, zenbaki hori elastikoaren mahukan kokatu dute. Atzealdean, aldiz, Aginagalderen aurpegiaren irudi bat jarri dute armarri bidasoarraren barruan, eta dortsalek eta jokalarien izenek ukitu retro bat izango dutela jakinarazi du klubak.
Azken partidako elastiko horiekin, gainera, klubak enkante bat ireki du horiek eskuratu ahal izateko. Hasierako salneurria 50 euroan ezarri dute, eta salmenten bidez lortutako irabaziak Bidasoa Iruneko jokalari eta entrenatzaile ohi izan zen Fernando Bolea jasaten ari den alzheimerraren aurkako tratamendura bideratuko direla adierazi du klub irundarrak.