Balio kooperatiboek badute saria
Gaur goizean 'Bidasoa Kooperatuz' sariak banatu dituzte. Izaera demokratikoaren saria jaso du Indar 3D Kooperatiba Txikia enpresak. Conatec Lan Sozietateak, berriz, Komunitate eta beste kooperatibekiko lankidetza eta interesa saria.
Behe Bidasoko Irun eta Hondarribiko kooperatiba eta lan sozietateak (BDSKoop elkarteak) ‘Bidasoa Kooperatuz’ sariak antolatu ditu, bertako enpresa eta kooperatiba txikien balio kooperatiboak saritzeko.
Gaur goizean egin dute sari banaketa, eta bertan, bi sari banatu dituzte: Izaera Demokratikoari saria, eta Komunitate eta beste Kooperatibekiko Lankidetza eta Interesa saria.
Lehena, Indar 3D Kooperatiba Txikia enpresak jaso du, Mirene Arri BDSKoop elkarteko kidearen eskutik. 3D inprimagailuen ekoizpenaz arduratzen den enpresa da. Bigarrena aldiz, Conatec Lan Sozietateak, Andoni Egiaren, Beterri Garapen Agentziako kidearen eskutik. Conatec-ek kontrolerako gailuak ekoizten ditu. Biak ala biak 1.500 euroko saria eskuratu dute.
BDSKoop elkarteak ateratako ondorioak
Guztira, 216 kooperatiba eta lan sozietate daude Irun eta Hondarribian (21 dira Hondarribian, 195 Irunen) eta horietako asko txikiak dira. Lan sozietate horien erdia zerbitzuen alorrekoak dira, laurden bat eraikuntzakoa, hamarren bat garraiokoak, beste hamarren bat industria arlokoak eta 2 lehen sektorekoak. Bi saridunak industria sailekoak izan dira.
Elkarteko kideek azaldu dutenez, Bidasoa eskualdean langile gutxik dute haien enpresaren gainean erabakitzeko eskumena, “bost langiletik bik”, eta horietako bat, gainera, autonomoa dela diote. Hortaz, erabakimen eskumen kolektiboa irunen 1/10ekoa dela eta Hondarribian 2/10ekoa dela ondorioztatu dute. Halaber, lehen sektorea “oraindik ahul” dagoela esan dute. Egoera iraultzeko hainbat foro antolatu dituzte azken aldian kooperatiba eta lan sozietateen arteko elkar ezagutza eta kolaborazioa sustatzeko asmoz eta sari hauen bidez bide horretan jarraitzeko konpromisoa berretsi dute.