Txingudi Errugbik klubaren eguna ospatuko du larunbatean
Plaiaundi izango da ospakizunen epizentroa. 16:00etatik aurrera errugbi partidak jokatuko dituzte, eta eguna behar bezala bukatzeko, hirugarren denboraz disfrutatuko dute.
Txingudi Errugbi Taldeak klubaren eguna ospatuko du larunbat honetan Plaiaundin. Klubak elkarteko jokalari, partaide, guraso eta zaleak gonbidatu nahi ditu egunaz gozatzera, eta, horretarako, programazio zabala ondu dute.
Arratsaldeko 16:00etan jarriko dira martxan eskolako jokalarien partidarekin. Klubak jakinarazi du 10 eta 12 urtez azpiko gazteak euren gurasoen aurka arituko direla nor baino nor. Bien bitartean, Txingudik adierazi du, klubeko gainontzeko mailetako jokalariek tokata handirako taldeak zehaztuko dituztela, 17:00etatik 19:00etara jokatzeko. Klubak zehaztu du sortzen duten talde bakoitzak gutxienez 14, 16 eta 18 urtez azpiko, gizonen taldeko, emakumeen taldeko eta beteranoen taldeko jokalari bana izango dutela. Partida bukatzean, sari banaketari ekingo diote.
Klubaren eguna ixteko, parte hartzaile guztiek errugbian ohikoa den hirugarren denboraz disfrutatuko dutela iragarri du Txingudik.