'Irun Lagunkoia' programa, herritarren ekarpenen bila
Egitasmoaren helburua da "herritarrek udalerria hobetzen parte har dezaten bultzatzea, betiere adineko pertsonei begira". Herritarrek beren iritziak emateko aukera izango dute astelehenetik aurrera hiriko Adinekoen Espazio Sozialetan ondu dituzten tailerretan.
Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko arloak ‘Irun Lagunkoia’ programaren berrikuntzak iragarri ditu gaur goizean. Egitasmo hori 2016an jaio zela gogorarazi du udalak, Irun Hiri eta Komunitate Lagunkoien Sarera atxiki zenean.
Udal erakundeak nabarmendu du, ‘Irun Lagunkoia’ programaren helburua dela “herritarrek udalerria hobetzen parte har dezaten bultzatzea, betiere adineko pertsonei begira”.
Egoeraren lehen diagnostikoa 2017an egin zuten, herritarren parte hartzearekin, eta berriz ere parte hartzeko deia luzatu du udalak, “Lagunkoitasun Plana egiteko eta ekintza berriak proposatzeko”. Irungo Udalak plan hori osatzeko ibilbide orri berria aurkeztu du, eta ekainean hasiko da bigarren fasea. Fase horretan, herritarrek hainbat alderdiri buruz duten iritzia jasoko dela baietsi du udalak: gizarte eta osasun zerbitzuak, eraikinak eta aire zabaleko eremuak, garraioa, etxebizitza, parte hartzea, errespetua eta gizarteratzea, enplegua eta komunikazioa eta informazioa.
Alderdi horien inguruko iritzia aurrez aurre emateko aukera egongo dela jakinarazi du udalak. Orotara, sei tailer ondu dituzte Adinekoen Espazio Sozialetan, eta topaketa horietan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek. Hona hemen saio horien egitaraua:
- Hilak 5: Astelehena, Belaskoeneako Espazio Sozialean, 16:30etik 18:30era.
- Hilak 7: Asteazkena, Palmera Monteroko Espazio Sozialean, 16:30etik 18:30era.
- Hilak 8: Osteguna, Anaka-Piuanako Espazio Sozialean, 16:30etik 18:30era.
- Hilak 12: Astelehena, San Migeleko Espazio Sozialean, 16:30etik 18:30era.
- Hilak 14: Asteazkena, Behobiako Espazio Sozialean, 16:30etik 18:30era.
- Hilak 15: Osteguna, Luis Marianoko Espazio Sozialean, 16:00etatik 18:00etara.
Herritarren iritziak jaso ondoren, proposamen horiek jaso eta alderdi teknikoa aztertuko dela aurreratu du udalak. Helburua da herritarren ekarpenak “bideragarriak” ote diren ikustea, Irunen Lagunkoitasun Plan bateratu bat sortzeko.