Bizikletaz, adinik ez
Larunbatean, San Gabriel egoitzako egoiliarrak kalera aterako dira, trizikloetan herritik zehar osteratxoa egiteko.
Bizikletaz Adinik Ez programaren barruan, Hondarribiko San Gabriel egoitzako egoiliarrek herritik osteratxoa egiteko aukera izango dute larunbatean. Hala, hamabi adinekok trizikloan plaza izango dute, eta mugikortasun arazo bereziak dituztenek aukera izango dute aspaldian ikusi gabeko herriko txokoetan egoteko. Bi irteera egingo dituzte, 11:00etan eta 16:00etan.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizarte Politiketako laguntza du egitasmoak. Hala, boluntarioek gidatuko dituzte triziklo berezi horiek, Hondarribiko kasuan Manu, Paco, June eta Begoña izeneko boluntarioek. Egitasmoaren xedeen artean dago, paseo beraz gain, egoitzetan dauden adineko horiek komunitatearekin bat egitea, bizikleta garraio bidezko esperientzia iraunkor, berdinzale eta errespetuzkoarekin. Gainera, belaunaldien arteko harremana indartzeko da baliagarri egitasmoa.
Gipuzkoa mailako egitasmoa da Bizikletan Adinik Ez. Hala, martxotik urrira arte hamalau herritan 26 irteera dira egitekoak orotara.