Bioterrak osasuntsu ekingo dio bihar 20. edizioari
Erreferentziazko azoka izaten segitu nahi du bihar hasi eta igandean bukatuko den Bioterrak. Aurten, 121 postu jarriko dituzte eta bertaratzeko sarrera doakoa da.
Bioterra bihar hasi eta igandean bukatuko da Ficoban. Urte berezia du aurtengoa, 20 urte beteko dituelako produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren Gipuzkoako azoka zaharrenak.
Guztira, 121 postu topatuko dituzte interesdunek eta horietako batzuk berriak izango dira, eta beste batzuk errepikatu egingo dute. Ordutegia egun osokoa izango da, ostiral eta larunbatetan 10:00etatik 20:00etara, eta igandean 10:00etatik 19:00etara.
Antolatzaileek diote “osasun bikaina” duela azokak eta horren erakusle gisa datu batzuk eman dituzte. 19 urtean 190.000 pertsona bertaratu dira eta 2.200 enpresak jarri dute beraien postua. “Bioterra ezinbesteko hitzordu bat bihurtu da”.
Komunitate bat sortu dutela diote “ingurumena errespetatzen duten produktu eta zerbitzuekin konprometitutako pertsonena eta enpresena”. Gainera, egunez egun “hazten” ari dela komunitate hori baieztatu dute.
Azken bi hamarkada hauetan Bioterrak “bere helburuak lortu” dituela adierazi dute, eta Espainiako Estatuko iparraldean eta Frantziako Estatuko hegoaldean “erreferentziazko azoka ekologiko” bihurtu dira.
Lorpen horietara iristeko hainbat arrazoi daudela atzean ziur dira. Esaterako, Bioterraren zertasun ekologikoa zeina batzorde antolatzaileak bermatzen duen, edota “ekologiaren kultura dibulgazio jardueren bidez sustatzea”.
Dibulgazioaren bideari helduta, kultura ekologikoko ererferenteak ekartzeko gaitasuna nabarmendu nahi izan du Bioterrak, “besteak beste, Nobel Sari Alternatiboa den Vandana Shiva, edo Masaru Emoto japoniarra”. Azken urteetako gonbidatuen eta egitarauaren informazio osoa, lotura honetan.
Bost gune izango ditu Bioterrak: 1. aretoa, eraikiz gunea, biobeauty zero zabor gunea, sukaldean, eta ekitaldi tailer eta zozketak. Ateak bihar irekiko baditu ere, aurkezpen eguna izango da biharkoa eta egitarauko jarduerak hilaren 3tik aurrera hasiko dira. Egitaraua zabala da eta esteka honetan kontsulta daiteke.