Mendibil auzoaren utzikeria egoera salatu du Irun Erdiguneko Auzo Elkarteak
Irun Erdiguneko Auzo Elkarteak udalaren aldetik Mendibil auzoak pairatzen duen "utzikeria egoera" eta auzo elkartetik urteetan zehar auzoa hobetzeko proposamenen aurrean azaldutako "interes falta" salatu ditu.
Irun Erdiguneko Auzo Elkarteak Irungo Udalaren aldetik Mendibil auzoak pairatzen duen “utzikeria egoera” eta auzo elkartetik urteetan zehar auzoa hobetzeko proposamenen aurrean azaldutako “interes falta” salatu ditu hedabideetara igorritako idatzi batean. Hona hemen auzo elkarteak azaldutako hiru puntu:
- Auzo elkartea proposatzen ari zen hobekuntzak ikusita, udalak iazko abuztuan idatziz helarazi zien udal erakundearen asmoa zela “Mendibil auzoko beharrak jasoko zituen azterketa bat eskatzea”. Aurtengo otsailean lan hori “esleitzeko zorian” zeudela erantzun zien udalak. Maiatza bukatzear da, eta auzo elkarteko kideek aitortu dute ez dakitela azterketa esleitu den edo ez, eta esleitu bada, ez dela inor haiekin kontaktuan jarri azterketa hori “elkarlanean” gauzatzeko. Auzoak honakoak behar dituela aldarrikatu dute: espaloiak handitzea; aparkatzeko lekuak berrantolatzea; inguruan parking berri bat eraikitzea; arrapalak, eskailerak edota igogailuak jartzea adinekoak eta desgaituak era erosoan iristeko auzoaren goiko aldera; edota zebrabideak aldatzea eta berriak ezartzea.
- Auzo elkartetik komun publiko bat eskatu dute Mendibil parkean. Udalaren erantzuna izan da hirian “eskaera handiagoa” duten beste kokaleku batzuk daudela. Auzo elkarteko kideek duela gutxi prentsan ikusi zuten San Juan eta Zabaltza plazetako komunak aldatuko zituztela, eta horietako bat Santiago kalean jarriko zutela. Bestea Mendibilen jartzeko eskatu dute auzotarrek.
- Auzoko batez besteko adina, kontserbatorioko ikasleak, Inmaculada erresidentziako erabiltzaileak eta haurtzaindegiko erabiltzaileak kontuan hartuta, Mendibil eta Erdigunea lotuko dituen autobus linea bat sortzea aldarrikatu dute. Auzo elkarteak salatu du udalak linea bat sortuko duela “ibilbidea eta geltokien aurreikuspena” haiekin kontsultatu gabe. Auzo elkarteak linea horrekiko “desadostasuna” helarazi du, ez baita jaso Dunboako anbulatoriora iristea, eta “ezinbestekotzat” jotzen dute auzotarrak autobusez bertara iritsi ahal izatea. Horrez gain, autobus geltokia Inmaculada erresidentziaren atarian jartzea eskatu dute, ez atzealdean udalak proposatu bezala.