Itsasoa ardatz izango duen poesia, musika eta irudi bidezko emanaldia
Ekainaren 2an Itsas Etxean Auditoriumean izango da Itsas hariak emanaldia, arratsaldeko 19:00etan.
Izenak dioen bezala, ekainaren 2an, itsasoa ardatz izango duen poesia, musika eta irudi bidezko emanaldia aurkeztuko dute: Itsas hariak. Bidaia poetiko baten baitan kostalde ezberdinak ezagutuko dituzte ikus-entzuleek. Emanaldian, gainera, itsasoak ahots propioa bereganatuko du.
Pello Otxoteko eta Aritz Gorrotxategi poetek emango diote ahotsa emanaldiari. Pello Otxotekoren Itsas bizi-mina eta Aritz Gorrotxategiren Amua eta Uda betea poema liburuetan oinarritutako poemak irakurriz, Nerea Azkona arpa-jotzaileak eta Nora Otxoteko txelo-jotzaileak saioa girotzen duten bitartean. Imanol Larrinaga margolaria ere bertan izango da, eta hark sortutako irudiek bidaia poetikoa osatuko dute.
Hitzordua ekainaren 2an, Itsas Etxean Auditoriumean izango da, arratsaldeko 19:00etan.