Hondarribiko EH Bilduk "aldaketa gauzagarria" egingo du
Maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeen harira hirian gertatutako aldaketa "pozarren" ikusi dute bilkideek. Abotsanitz Udal Taldea "zintzoki" zoriondu eta babesa emango diotela adierazi dute.
Joan den igandean gauzatu ziren udal eta foru hauteskundeek emaitza esanguratsuak utzi dituzte Hondarribian. Hiriaren agintaritzan aldaketa bat eskatu zuten hiritarrek, eta horrekiko, “pozarren” agertu da EH Bildu.
Abotsanitzek EAJk baino boto gehiago eskuratu zituen. Haatik, EAJk erabateko gehiengoa galtzeaz gain, gehiengo soila galdu zuen ere. Emaitza horiek, “EAJren agintekeriaren ondorio zuzena” izan dela ondorioztatu dute bilkideek, eta hauteskundeak galtzearekin batera “alkatetza eta hiriko gobernua galdu” dituela esan dute ere.
Beren taldearen emaitzei dagokienez, aurreko legealdian zituzten 2 zinegotziak mantentzea lortu dute, nahiz eta 2019ko hauteskundeekin alderatuta bozka batzuk galdu dituzten. Zentzu horretan, kritikoak izan dira: “EH Bildu izan da EAJk galdutako botoetatik jaso ez duen udal talde bakarra. Boto gehienak Abotsanitz, lehenik, eta PSE-EE, gutxiago, udal taldeek jaso dituzte”.
Bestalde, Udal hauteskundeetan laugarren indarra izan badira ere, Foru hauteskundeetan bigarren indarra izatea lortu dute (Hondarribian). Beraz, Garoa Lekuona alkategaia, Gipuzkoako Batzar Nagusietako hautetsia izango da. EH Bildurengan konfiantza jarri duten hondarribiarrei eskerrak eman dizkiete.
Hondarribiak ezkerrera jo izanagatik poza agertu dute bilkideek eta Abotsanitz Udal Taldea “zintzoki” zoriondu nahi izan dute. Hala, emaitzak aztertu ondoren, hondarribiarrek aldaketaren alde egin dutela “ondo ulertu” dutela adierazi, eta “aldaketa, ilusiotik” egiteko konpromisoa berretsi dute: “EH Bildu indar erabakigarria da aldaketa gauzatzeko eta horrela egingo dugu”. Hala, EH Bilduk Abotsanitzi babesa eman eta “aldaketa gauzagarria” egingo duela jakinarazi du.