Denetariko jarduerekin ospatuko dute ekoetxean Ingurumenaren eguna
"Pertsonak kontzientziatu eta ekintzara" pasatzeko jarduerak dira antolatutakoak ekainaren 4, 11, 17 eta 18rakoak. Izen ematea zabalik dago.

Ingurumenaren Munduko Eguna ekainaren 5ean izaten da eta, horren harira, ekoetxea Txingudik jarduera ezberdinak antolatu ditu datozen egunetarako “pertsonak kontzientziatu eta ekintzara” pasatzeko, baita ere “konponbidearen parte izateko deia” egitea dute asmo.
Lehen hitzordua ekainaren 4an, igandea, 11:00etan jarri dute eta tximeleta efektua deituriko irteera da egingo dena. Tximeleten munduan murgiltzea da helburua, Plaiaundiko ibilaldi batean behaketa eginez. Aldi berean, bisita antzeztu bat egingo da eta tximeleten ziklo biologikoa eta klima aldaketaren bioadierazle gisa duten garrantzia kontatuko dute.
Ekainaren 11n, igandean, 10:00etatik 12:00etara hondakinen garbiketa egingo dute Jaitzubiako errekatik hasi eta Plaiaundiko ingurumen zentroraino. Erabilera bakarreko plastikoak izango dira protagonistak, eta xedea lurreko eta kostaldeko hondakinek eragindako kutsadura ezabatzea da.
Ekopatriulak Irun eta Txingudiko Zerbitzuekin elkarlanean antolatu dute, eta bilketaren bukaera kontabilizatzeko jai giroa sortuko dutela iragarri dute, txikienentzako jolasekin eta parte-hartzaileentzako hamaiketako batekin.
Azkenik, ekainaren 17ko eta 18ko asteburuan, bi esperientzia eskainiko dituzte. Ekainaren 17an, larunbata, 10:00etan, Jaitzubiatik ibilbide bat egingo dute denboran zeharreko bidaia zirkularra deiturikoa.
Interpretazio ibilbide klasikotik aterako direla azaldu dute, parte hartzaileak ibilbideko protagonistak izan daitezen Jaitzubiako padura beste ikuspuntu batetik ezagutzeko. Bidean zehar erronka batzuk gaindituko dituzte eta, horrela, inguru horren “oraina eta etorkizuna bere iragan historikoaren bidez” ulertuko dute, “ekonomia zirkularra ardatz hartuta”.
Ekainaren 18an, 11:00etan, Txingudiko Enigmak yinkana egingo dute. Familiei zuzendutakoa da eta parte hartzaileen probarekin klima aldaketak txingudiko paduretan eta antzeko ingurune naturalean dituen inpaktuak ezagutuko dituzte, “bai eta egunerokoan gure ekintzek aldaketari laguntzeko duten garrantzia ere”.
Jarduera guztiak doakoak dira eta aurretik izena eman beharra dago horietan parte hartzeko orrialde honetan.