Asteburu bikaina BATeko kirolarientzat
Bidasoa Atletiko Taldeko kideak maila onean daudela erakutsi zuten beste behin. Gipuzkoako Txapelketa absolutuan eta eskolarteko kluben eta selekzioen Euskadiko Txapelketan lorpen ikaragarriak erdietsi zituzten.
Asteburu bikaina osatu zuten beste behin Bidasoa Atletiko Taldeko kirolariek. Alde batetik, BATeko atletak Donostian lehiatu ziren Gipuzkoako Txapelketa absolutuan, eta maila apartan daudela erakutsi zuten. Hamasei domina, Gipuzkoako bi errekor eta Espainiako Txapelketetan aritzeko minimoak dira asteburuak emandako uzta.
Urrezko dominei dagokionez, Beñat Mikelarenak lortutakoa goraipatu du BATek, 100 metroko proban garaipena erdiesteaz gain, Gipuzkoako 20 urtez azpiko errekor berria ezarri baitu 10,69 segundoko denborarekin.
Mario Estanga pertika jauziko proban nagusitu zen 4,77 metroko jauziarekin, eta Gipuzkoako txapeldun berria izateaz gain, Espainiako 20 urtez azpiko txapelketan aritzeko minimoa lortu du.
Iker Arozenak ere urrezko domina erdietsi zuen luzera jauzian 7,81 metroko jauziarekin. Marka horrekin Europako 23 urtez azpiko txapelketan lehiatzeko minimoa erdietsi du. Europako Txapelketa hori uztailean jokatuko da Espoon (Finlandia).
4×100 metroko erreleboetako proban Beñat Pesok, Ioritz Labandibarrek, Alex Rodriguezek eta Beñat Mikelarenak urrea lortu zuten 43,60 segundoko denborarekin. Gizonen azken garaipena Gonzalo Tamayok lortu zuen zuen pisu jaurtiketako proban 13,91 metroko jaurtiketarekin.
Emakumeek bi urrezko domina erdietsi zituzten. Gizonen antzera, klubeko neskak 4×100 metroko erreleboetako proban nagusitu ziren. Ana Gomezek, Alazne Garridok, Martina Villarrek eta Laia Olaskoagak osatu zuten erreleboetako taldea.
Beste garaipena Teresa Errandoneak erdietsi zuen. Errandonea lehiara itzuli da lesio bat atzean utzi ondoren, eta urrea lortu zuen hesietako proban 13,22 segundoko denborarekin.
Zilarrezko dominak honakoek lortu zituzten: Iker Anglada 800 metroko proban, Jon Matey altuera jauzian, Jon Ruiz mailu jaurtiketan, Naia Llorente altuera jauzian, Izaro Irastorza xabalina jaurtiketan, Ane Etxebeste 3.000 metrotan eta Alaine Agerralde, Uxue Garnacho, Izaro Pagazaurtundua eta Leire Martiarena erreleboetako 4×100 metroko proban. Erreleboetako proban, gainera, BATeko neskek 18 urtez azpiko Gipuzkoako errekor berria ezarri zuten.
Brontzeak, aldiz, Nikolas Gomezek xabalina jaurtiketan eta Jare Garciak disko jaurtiketan lortu zituzten.
Taldeen sailkapenari dagokionez, mutilak Gipuzkoako txapeldun izendatu dira 40 punturekin, Atletico San Sebastian eta Errenteria Atletismo Taldearen aurretik. Neskak, berriz, bigarren postuan sailkatu ziren 32 punturekin. Atletico San Sebastian gailendu zen taldekakoan, eta Errenteria Atletismo Taldea izan zen hirugarren.
Eskolarteko kluben eta selekzioen Euskadiko Txapelketa
Iragan asteburuan eskolarteko kluben eta selekzioen Euskadiko Txapelketak lehiatu ziren Zumarragan. BATeko kide gazteenetako batzuk talde bezala aritu ziren, eta beste batzuk Gipuzkoako selekzioak hautatu zituen.
BATeko mutilak hirugarren postuan sailkatu ziren taldekako sailkapenean. Iker Anautek, Ibai Anautek, Jon Andianok, Alain Ugartek, Beñat Lekuonak, Eñaut Arburuak eta Urko Ibarguenek osatu zuten BATeko taldea.
Bestalde, BATeko hainbat kide Gipuzkoako selekzioarekin aritu ziren Zumarragan eta zenbait domina lortu zituzten. Mutiletan Ibai Anaut bigarren sailkatu zen jauzi hirukoitzean eta Jon Andianok brontzeko domina erdietsi zuen hesietako 220 metroko proban.
Nesketan Paula Crespo hirugarren sailkatu zen 3.000 metrotan. Hesien 80 metroko proban, Elene Salcedo bigarren izan zen eta Irati Benito, hirugarren. Hai Duong ere hirugarren sailkatu zen 500 metrotan eta Enea Erkizia bigarren izan zen 1.000 metrotan.
Lasterketetan aritzeko pack bat
BATek lasterketetan aritzeko pack bat kaleratu du. Klubaren esanetan, iniziatibaren helburua da udako lasterketen lote bat eskaintzea ohiko lasterkariek egutegia planifikatzeko eta aurrezteko aukera izan dezaten.
Pack horrek honako lasterketak eskaintzen ditu: San Martzialeko igoera, Santiagoko krosa, Guadalupeko igoera eta Inmobiliaria Urme Txingudi Korrika.
Udako lote horrek 30 euroko prezioa izango du, 39 euroko kostua izan beharrean. Dirua aurrezteaz gain, klubaren xedea da korrikalariek beren egutegia planifikatu ahal izatea. Lote hori Kirolprobaken eskuratu ahal izango da San Martzialeko igoeraren izen-ematean sartuta.