Adinekoen jaietako bazkaria ekainaren 26an izango da
65 urtetik gorakoentzat da eta interesdunek ekainaren 6,7,8 eta 9an eman beharko dute izena.
Aurten ere Adinekoen omenezko bazkaria egingo dute Ficoban, hala jakinarazi du Irungo Udaleko Kultura arloak. Ekainaren 26an izango da, astelehena, 14:00etatik aurrera Ficobako 3. pabiloian.
Irunen erroldatuta dauden eta 2023ko ekainaren 26rako 65 urte bete dituzten pertsonek parte har dezakete bazkarian. Horretarako, izena eman behar da 010 telefonora deituta edo udalaren webgunera jota.
Izena emateko egunak eta ordutegiak ezarri dituzte hainbat ezaugarriren arabera:
- Ekainaren 6an eta 7an iaz izena eman ez zutenak ahalko dira apuntatu, 08:00etatik 19:00etara.
- Ekainaren 8an eta 9an, gonbidapenik izatekotan, iaz izena eman zutenak, 08:00etatik 19:00etara.
Inskribitu direnen artean, 700 gonbidapenak Amaia KZn banatuko dituzte, ekainaren 13an eta 14an, 09:30etik 13:30era bitartean. Horiek eskuratzeko NANa erakutsi beharko da eta, egunean bertan Ficobara sartzeko izena emateko ordena segituko dute.
Ficobara joateko autobus zerbitzua eskainiko dute aurten ere Fermin Calbetonetik. Lehen irteera 12:30ean izango da eta, azkena, 13:30ean. Itzultzekoak, berriz, 17:00etan egingo du lehen irteera eta, azkena, 19:00etan.