Ireki da Navigium Isidis ekitaldian parte hartzeko epea
Dies Oiassonis erromatar jaialdiaren ekitaldi nagusia da. Uztailaren 15ean ospatuko da, eta herritar guztiei irekita dagoela esan dute antolatzaileek.
Irungo Udaleko Kultura arloak eta Oiasso Erromatar Museoak jakinarazi dute ireki dela Navigium Isidis ekitaldian parte hartzeko epea. Ohi bezala, herritar guztiei irekitako jarduera bat dela adierazi dute, Dies Oiassonis jaialdiaren barruan ospatzen dena. Aurtengo Dies Oiassonis uztailaren 13tik 16ra izango da, eta erromatar jaialdiaren ekitaldi nagusia da Navigium Isidis.
Navigium Isidis Isis jainkosari eskainitako prozesio bat zela nabarmendu dute antolatzaileek. Antzinako Erroman ospatzen zuten prozesio hori, nabigazio garaiari hasiera emateko. Isis da marinelen eta itsas bidaien babeslea, eta horregatik egiten zuten prozesioa haren omenez.
Navigium Isidis ekitaldia uztailaren 15ean, larunbata, ospatuko da, eta parte hartzaileek museoaren inguruko kaleak girotuko dituzte erromatarrez jantzita. Izen-emateak irekita daude jada, eta 943 63 93 53 telefonora deituta edo Oiasso Museora bertaratuta egin daiteke inskripzioa. Parte hartu nahi dutenei izen-abizenak eta kontaktu bat (telefonoa edo posta elektronikoa) eskatuko dizkietela azaldu dute antolatzaileek. Ondoren, ekainaren 15eko bilera informatibora joateko gonbidapena bidaliko dietela aurreratu dute.
Joskintza tailerrak
Oiasso Museoak jakinarazi du toki libre batzuk geratzen direla Oiassoko areto tailerrean emango diren erromatar joskintzako tailerretan parte hartzeko. Ikastaro horiek ekainaren 3an eta 10ean izango dira, 10:00etatik 13:00era. Oiassok zehaztu du interesdunak museoarekin harremanetan jarri behar direla 943 63 93 53 telefonora dei eginez.
Tailerra doakoa da, baina parte hartzaileek jantzia egiteko oihala eraman beharko dutela baietsi dute antolatzaileek. Material aproposenak lihoa eta artilezko oihala direla esan dute.
‘Bidasoako atlas emozionala’
Museoak, halaber, ‘Bidasoako atlas emozionala’ aldi baterako erakusketa luzatu duela jakinarazi du, eta uztailaren 2ra arte ikusgai egongo dela gaineratu du. Erakusketa horrek Bidasoaren memoria historiko eta emozionalekin elementu esanguratsuenak berrikusten dituela azaldu dute, hamar gairen bidez: Bidasoa hitzaren etimologia eta generoa, haurtzaroko oroitzapenak, ofizio tradizionalak edota ibaiak inspiratutako artea eta literatura.
Erakusketa doakoa da, eta museoaren irekiera orduetan bisita daitekeela baietsi dute ekainaren 1etik aurrera: asteartetik larunbatera 10:00etatik 20:00etara eta igandeetan 10:00etatik 14:00etara.