Gerrek eta epidemiek Irunen izandako inpaktua ikertuko ditu Loidi bekak
Adrian Hugo Aginagalde ikerlari eta mediku donostiarraren 'Irun. Gerrak eta epidemiak mugan (XVII-XIX)' lana saritu dute bekaren hamaseigarren ekitaldian.
Irungo Udaleko Euskara arloak antolatzen duen Jose Antonio Loidi Ikerketa bekak badu lan irabazlea: Adrian Hugo Aginagalde Llorenteren ‘Irun. Gerrak eta epidemiak mugan (XVII-XIX)’ lana. Aginagalde ikerlari eta mediku donostiarra da, eta bekaren hamaseigarren ekitaldia lortu du. Miren Etxebeste Euskara ordezkariak jakinarazi du hiru proiektu aurkeztu zirela lehiaketara, eta donostiarraren lana izan dela saritua. Aginagalderen ikerketa lanak 12 hilabete iraungo ditu eta 9.000 euroko zuzkidura izango du.
Aginagaldek bere ikerketa proiektuaren helburua azaldu du: “XVII., XVIII. eta XIX. mendeetako gerra eta epidemien ondoriozko hilkortasun krisiek Irun eta Bidasoaldeko biztanlerian izan zuten inpaktu demografiko eta soziala aztertzea”.
Horrez gain, ikerketa lanak “Irun bezalako muga herri batean nazioarteko gerra fenomenoek izan duten eragina” aztertu nahi du; hala nola, Ondorengotzaren Gerra (1701-1713), Aliantza Laukoitza (1717-1720), Konbentzioa (1793-1795), Independentzia (1808-1814), San Luisen Ehun Mila Semeen Espedizioa (1823) eta Karlistadak (1833-1840 eta 1872-1876), eta tifus (1793-1795, 1808-1809 eta 1812-1814), gripe (1709-1711, 1847-1848 eta 1889) eta kolera (1833-1834, 1854-1855 eta 1885) izurriteek.
Horretarako, Aginagaldek “ikerlan demografiko eta epidemiologiko bat” egingo du, eta, besteak beste, honako iturriak erabiliko ditu: sakramentu erregistroak, populazio zentsuak, instituzioetako dokumentazio historikoa, gerrako memoriak edota bibliografia.
Ikertzailea
Adrian Hugo Aginagalde Llorente Donostian jaio zen 1989an. Medikuntzan lizentziatua, Medikuntza Prebentiboan eta Osasun Publikoan sendagile espezialista da. Bi master ere baditu: Osasun Publikoan eta Zientziaren eta Komunikazio Zientifikoaren Historian.
Egun unibertsitatean irakasle da eta Medikuntzaren eta Zientzien Historiaren Euskal Museoko ikertzailea (EHU). Konbentzio eta Independentzia Gerretan zehar Gipuzkoan izandako tifus epidemiak izan dira bere ikerketa lerro nagusiak, eta gripeari eta kolerei buruzko lanak zuzendu ditu. Horrez gain, historiari buruzko hemezortzi azterlanetan hartu du parte, eta hainbat argitalpen ere baditu: liburuak, artikulu teknikoak edota dokumentu zientifikoak. Hitzaldi eta kongresuetan ere aritutakoa da.
2020an ‘Irun, San Martzialeko guduak eta epidemiak’ izeneko kapitulua argitaratu zuen San Martzialeko Batailaren V. Mendeurrena Fundazioak 2019an Irunen antolatutako Osasun Historiari buruzko jardunaldien inguruko liburuan.