Ustezko sexu erasoagatik eta bahiketa saiakeragatik, atxilotu bat Irunen
Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen ostiralean adingabe bati delitu horiek leporatuta. Itaiak elkarretaratzea egin zuen atzo gertakari hori gaitzesteko.
Ostiralean Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen Irunen adingabe batekiko ustezko sexu eraso eta bahiketa saiakera delituengatik. Jose Antonio Santano alkateak gertakari hori gaitzetsi du: “Lehenik eta behin, ustezko eraso hori erabat arbuiatu eta gaitzetsi nahi dut. Nabarmendu nahi dut Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko elkarlana, radarrean dagoeneko bazutelako, bai eta herritarren lankidetza ere, atxiloketa erraztu baitu. Horrelako gertaerek ez dute lekurik gure gizartean, eta justiziak jardun egin behar du”.
Irungo Udalak erabateko gaitzespena adierazi nahi die emakumeek jasaten dituzten abusu eta eraso guztiei. Elkartasuna adierazi dio biktimari eta haren familiari, eta haren esku jarri dira.
Atxilotua epailearen esku geratu da eta espetxean sartzeko agindua eman da.
Itaiak elkarretaratzea
Irunen jazotakoaren harira, Bidasoko Itaiak elkarretaratzea egin zuen atzo arratsaldean San Juan plazan gertakaria gaitzesteko. Antolakunde sozialistak gogorarazi du aste berean egindako bigarren kontzentrazioa izan zela atzokoa, eta “indarkeria matxistari aurre egiteko beharra” aldarrikatu dute. Bidasoko Itaiak jakinarazi du “indarkeria matxistaren aurkako mekanismoak garatzen eta espazio seguruak sortzen” ari direla; hala nola, jai giroetan protokoloak ezarrita.