Udan, euskara ikasteko aukera Udal Euskaltegian
Euskaltegiak euskara ikastaro trinkoak eskainiko ditu uztailean eta abuztuan, eta langabezian dauden pertsonei LANNAHI programa eskainiko die. Izen-emateak hilaren 29tik ekainaren 8ra bitartean egin behar dira.
Irungo Udal Euskaltegiak euskara ikastaro trinkoak eskainiko ditu uztailean eta abuztuan, eta langabezian dauden pertsonei LANNAHI programa eskainiko die. Irunen euskara ikasi ahal izango da udan.
Uztaileko ikastaro trinkoa uztailaren 3tik 28ra izango da, 09:00etatik 13:15era. Abuztukoa, aldiz, abuztuaren 1etik 29ra izango da, uztaileko ordutegi berean. Ikastaro trinkoen prezioa 69,40 eurokoa izango da, baina “aprobetxamendu ona” duten ikasleek udalak euskara ikasteko ematen dituen bekak eskuratu ahal izango dituztela adierazi du udal erakundeak. Beka horren bitartez, ikasleek matrikula prezioaren %100a arte jaso dezaketela gaineratu dute.
Ikastaro trinkoetan izena emateko interesa duten pertsonak hilaren 29tik ekainaren 8ra bitartean Udal Euskaltegira bertaratu behar direla jakinarazi du udalak. Honakoa da bulego ordutegia: 10:30etik 13:30era eta 16:30etik 19:00etara.
LANNAHI programa
Ikastaro trinkoen data eta ordutegi berean, langabezia egoeran dauden pertsonei doako ikastaroak eskaintzen zaizkiela aurreratu du udalak, LANNAHI programaren bitartez.
Udalak zehaztu du interesdunek hilaren 29tik 8ra egin behar dutela izen-ematea HAZ zerbitzuaren bitartez Irun Txartela edo beste ziurtagiri elektroniko batzuk erabiliz, HAZ-eko autozerbitzu terminalak erabiliz edo Udal Euskaltegira hurbilduz bulego ordutegian (10:30etik 13:30era eta 16:30etik 19:00etara).
Izena ematen duten pertsonek mailaketa proba bat egin beharko dutela nabarmendu du udalak, hilaren 29tik ekainaren 8ra bitartean gauzatuko dena.