«Irun mapan jarri nahi dugu bere kirolagatik, baina horretarako azpiegitura egokiak behar ditugu»
PPren alkategaiak Irunek kirol arloan indarra duela adierazi du, eta hori izan behar dela hiriaren ikurretako bat.
Zergatik bozkatu behar zaituzte herritarrek?
Proiektu handiak ditugu, ideia handiak, eta erabilgarriak izan gaitezke gizartearentzat eta aberasgarriak Irungo hiriarentzat. Irunen erabaki garrantzitsuak hartuko diren momentu batean gaude Via Irun gaiarekin. Datozen 50 urteetarako etorkizuna erabakiko da, hiri eredu berri baten aurrean gaude. Nolako Irun nahi dugun erabaki behar dugu, ea lotarako Irun nahi dugun, edota dinamikoa den eta aukerak eskaintzen dituen Irun nahi dugun. Lanerako, ikasteko eta bizitzeko hiria nahi dugun aukeratu behar dugu. Oraintxe bertan etorkizun hori guztia erabakitzen ari da. Hiri eredua zein den argi daukagu eta garrantzitsua da gu entzutea. Era berean, garrantzitsua da ere politikariok entzuten jakitea herritarrek zer nahi duten.
Gure hiri ereduaren oinarria Irun aukeren hiria izatea da. Kirolarekin aukera izugarria dugula uste dugu. Gure kirolariak oso ezagunak dira eta Irun izena mundu osoan zehar zabaltzen ari dira. Irunek aukera paregabea dauka industria bat sortzeko kirolaren bueltan. Klub garrantzitsuak ditugu, adibidez, Bidasoa eskubaloia, Real Union, BAT, Santiagotarrak… kirolean potentzia handikoak gara. Giroa ereiten eta hari mesede egiten jakitean datza, hiria hazi dadin.
Erreferenteak izan nahi dugu igerileku olinpiko berri batekin, zeinak uretako kiroletan erreferentzia markatuko lukeen. Irun mapan jarri nahi dugu bere kirolarengatik baina horretarako azpiegitura egokiak behar ditugu. Beraz, erabilera anitzetako pabiloiak paper garrantzitsua du horretan, ez bakarrik Bidasoak joka dezan, baizik eta kirol ekintzen, kontzertuen eta bestelako ekintzen foroa izan dadin aldi berean. Izan ere, 10.000 pertsonako edukiera behar duen ekintzetarako balioko luke, eta horrek beste liga batean jokatzea ahalbidetuko luke, Irun mapan ezaguna egingo luke.
Alkate baldin bazara, zein izango da egingo duzun lehenengo gauza?
Pertsonak zainduko nituzke. Politika egiteko gure modua pertsonengatik pertsonentzako dago pentsatuta. Guretzat garrantzitsua da politika egiteko estiloa, konkordia. Adolfo Suarezen oso zalea naiz, nire erreferente politikoa da, eta uste dut lezio handiak utzi zizkigula historiarako aurrera segi dezagun. Beraz, konkordia, pertsonak zaintzea, eta pertsonen duintasuna garrantzitsuak dira garai zail hauetan, baita inor atzean ez uztea ere. Pertsonetan pentsatu behar da, eta beraiek kontuan hartu politika egiterako garaian. Ez bakarrik kontuan izatea, haiek entzutea baizik.
Zein garrantzi ematen diozu auzoei?
Auzoei munduko garrantzia guztia ematen diet. Irun auzoen gehiketa bat da, eta Irun auzorik gabe ez da ulertzen. Bihotz irundarra, muskulu irundarra bere auzo guztietan dago. Auzo guztiek asko dute emateko eta esateko, beraz, auzoak geroz eta hobe hornituta baldin badaude, askoz hobe izango da denentzat eta Irunentzat ere.
Zein dira egungo lehen arretaren arazoaren aurrean zuen proposamenak? Eta Bidasoko ospitaleko obrei buruzkoa?
Arazoa da medikuek ezin dutela gustura lan egin, eta ezin dutela beraien lana beharrezko baldintzetan egin, ez daukatelako lekurik, baliabideak falta zaizkielako, ez dagoelako mediku nahikorik eta erdiguneko anbulatorioa batez beste paziente gehien dituena delako Euskadin. Baldintza oso txarretan daude, Eusko Jaurlaritzak ez duelako ondo egiten bere lana eta xantaia egiten digu lehen arretan behar ditugun inbertsioekin.
Ziur gaude Bidasoko ospitalea desegiteko saiakera bat egiten ari direla, gutxi gorabehera ezkutuan eta, horregatik, gogo guztiekin gabiltza lanean sindikatuekin, langileen ordezkari guztiekin, Osasun Bidasoarekin… Lapurtzen saiatzen ari dira ezkutuan Bidasoko ospitalea Donostiara eramateko. Jakiten ahal da noiz mugituko dituzten hemendik gauzak baina, ez noiz itzuliko diren. Beraz, defendatu egin behar dugu gure etxeetatik ahalik eta gertuen arreta jasotzeko eskubidea.
Hainbat eskaera egin dira Alardea udalak berriz ere antola dezan. Zuek horretarako prest zaudete?
Alardea irundar guztiek maite duten gai bat da, era batean edo bestean. Alardea maitatzeko modu asko daude eta politikoek egin behar ez duguna da Alardearen gaia gehiago gaiztotu. Soluzioak eman behar ditugu, gauzak erraztu, eta batez ere elkarrizketan aritu behar gara. Lehen gure jarreraren ardatz nagusi gisa konkordiaz hitz egin baldin badugu, Alardearen gaia oso ona da hori praktikan jartzeko. Entzutea, ikustea noraino irits gaitezkeen, eta era guztietako iluntasunetatik irten.
Irungo euskararen kale erabilera ez dator bat ezagutzarekin. Zer egingo duzue erabilera handitzeko?
Gu askatasunaren aldekoak gara. Euskarari behar dituen erraztasunak eman behar zaizkio hizkuntza erabil dadin, baina jendeak azkenean hautatu egiten du zein hizkuntzatan hitz egin nahi duen. Beraz, euskara edo gaztelania hautatzen bada, batarekin edo bestearekin eroso sentitzen delako izango da.
Entzutearen aldekoak gara, gauzak erraztearen aldekoak, eta ez gaitu asko larritzen hizkuntza batean edo bestean hitz egiten baldin bada, betiere hizkuntza hautatzeko askatasuna baldin badago.
Bestalde, EPEari buruzko gaia dago. Euskara gizartea banatzeko erreminta bezala erabiltzen da, jende askori galarazten diolako Irunen lan egitea lanpostu publiko batean. Ez dute bertara sarbiderik euskaraz ez jakiteagatik eta hori ez zaigu ondo iruditzen.
Etorbidearen zubia itxita egon da eta Behobia eta Santiagokoetan kontrol polizialak. Zein iritzi duzu horri buruz?
Frantziako gobernuaren politika hau ez zaigu inondik inora zuzena iruditzen. Pertsonen eta merkantziaren zirkulazio askea baldin badago, denentzako da. Frantziak jartzen dituen aurretiazko hesi hauek ez doaz bat eskubideekin, eta hori beraiek badakite. Gu irundar bezala ez gaude bat ere kontent horrekin. Lehenik, eskubideak murrizten direlako, migrante bakoitzaren atzean pertsona bat dagoelako mugan ataskatuta geratzen dena.
OARSO BIDASOKO HITZAk herri guztietako alkategaiei egindako elkarrizketak publikatuko ditu. Hautagai horiek HITZAk emandako galdetegi bat erantzun dute, eta herri bakoitzeko alkategai guztiei galdera berberak egin zaizkie. Elkarrizketak 2019ko udal hauteskundeen emaitzen arabera publikatuko ditu HITZAk, boz gutxien jaso zituen alderditik hasita, gehien bere egin zituenera arte. Honakoa Irungo 2. elkarrizketa da.