Entrenatzeko espazio publikoak eskatu ditu Ayamendik
Erakundeak hogei urte baino gehiago isilik daramatela adierazi dute, eta pairatzen duten egoera salatzeko, elkarretaratzea deitu dute asteazkenean, 19:00etan, San Juan plazan.
Irungo Ayamendi Gimnasia Erritmikoa Klubeko haurren gurasoak kezkati dira beren seme-alabek “entrenamenduak egiteko espazio publikorik” ez dutelako. Ayamendi 2000. urtean sortutako gimnasia erritmikoko klub bat da, eskualdean “kirola eta gimnasia erritmikoa” sustatzeko helburuak dituena. Bi hamarkada baino gehiagoko ibilbidean kluba “hazi” egin dela azaldu dute gurasoek, baina beren eguneroko jarduna bideratzeko muga batekin egin dute topo: ez dute entrenatzeko leku nahikoa.
Egun pairatzen duten egoera salatzeko, elkarretaratzea egingo dute asteazkenean (hilak 24), 19:00etan, San Juan plazan, ‘Gure eskubideen alde’ lelopean.
Klubeko gurasoek jakinarazi dute erakundeak hogei urte baino gehiago daramatela “isilik” euren eskaeren aurrean. Hori dela eta, “espazio publiko duin baten beharra” eskatu diote “behin eta berriz” Irungo Udalari, baina gaur arte erantzunik jaso ez dutela esan dute atsekabez: “Urteak daramatzagu klubeko gimnastek entrenatzeko aukera izan dezaten, hiriko beste klub batzuek egiten duten bezala”.
Gaur egun udalak diru laguntza batekin laguntzen dituela adierazi dute Ayamendiko haurren gurasoek, eta Artaleku kiroldegiko pista erabil dezakete astelehenetan, 17:30etik 19:30era eta asteazkenetan, 16:30etik 19:30era. “Baina ez da nahikoa. Ordutegiak zabaltzeko premia dugu gimnastek behar duten arreta jasotzeko, maila handiagoko kategorietara sarbidea izateko eta taldeak azpibanatzeko”, argi esan dute gurasoek. Izan ere, honakoa da Ayamendiko kideen egunerokoa: “Gaur egun klubak ezin ditu entrenamendu egunak luzatu eta lehiaketetan parte hartzen duten gimnastak ezin dira federatu, maizago entrenatu behar dutelako”.
Begirune bera
Klubetik jakitun dira Irunen kirol ezberdinak praktikatzeko “eskaera handia” dagoela, baina “bidegabea” iruditzen zaie modalitate berean aritzen diren klubek astean zehar bost egunetan entrenatzeko aukera izatea eta haiek ez. “Ez al ditugu eskubide eta aukera berdinak merezi?”, galdegin dute Ayamendiko gurasoek.
Udalak haien eskaerei “entzungor” egiten dienez, urteetan Artiako Trinketea erabili behar izan dutela gogorarazi dute klubeko kideek, “nahiz eta egoera txarrean egon”. Instalazio horiek konpondu ondoren, espazio horretan entrenatzeko aukera “ukatu” zitzaiela adierazi dute.
Azken bi hamarkadetan pairatutako “desberdintasun egoera” eta klubeko ikasleek bizi duten “egoera prekarioa” salatu nahi dituzte Ayamendiko haurren gurasoek, eta bide batez, “konponbide bat” eskatu nahi dute.
Gauzak horrela, honako eskaerak egin nahi dituzte 2023-2024 ikasturteari begira:
- Irunesa Gimnasi Erritmikoa Klubarekin partekatutako espazio bat edo Artaleku kiroldegiak kudeatzen duen pilotalekua erabili ahal izatea.
- Ordutegi berean, astelehen eta asteazkenetan, beste ordu eta erdiko tartea izatea Artalekuko A aretoa erabiltzeko kategoria baxuetako gimnastak entrenatzeko, ez baitute altuera jakin bateko espaziorik.
- Ostiraletan altuerako gune bat izatea, lehiaketako gimnastak bi orduz entrenatu ahal izateko.