Argi berdea Irun-Ventaseko ordainlekuaren berritzeari
Bidegik jakinarazi du Irungo ordainlekua osorik berritzea aurreikusten dela, egungo lau bideetatik sei izatera igaroz.
Bidegik jakinarazi du “argi berdea” eman zaiela Irun-Ventas AP-8ko ordainlekuaren berrikuntza lanei. Jarduketa horien aurrekontua 2.448.521 eurokoa izango dela adierazi dute, eta exekuzio epea, aldiz, hamabi hilabetekoa. Ordainlekua osorik berritzea aurreikusi dela aurreratu du Bidegik, egungo lau bideetatik sei izatera igaroz, hiruna noranzko bakoitzerako.
Halaber, bide berriek azken belaunaldiko kobrantza sistemak izango dituztela nabarmendu dute. Horrez gain, trafiko bolumenaren arabera bi bide itzulgarriak izango direla zehaztu du Bidegik, “zirkulazioaren arintasuna hobetuko dutenak beharrezkoa den uneetan”.
Ordainlekua “guztiz eraginkorra” izateko, berritze lanak hiru fasetan egingo direla aitortu du Bidegik, bi errei irekita egon daitezen. Errei bat itxi behar izanez gero, gauez edo joan-etorri gutxiagoko ordutegietan egingo dira lanak.
Bide automatikoak eta Free flow sistema
Bide guztiak bide dinamiko gisa jarduteko prestatuta egongo direla baietsi du Bidegik, TAG gailu bateragarrien bitartez (Via-T edo Abiatu), ibilgailuei abiadura murriztuz baina erabat gelditu gabe igarotzeko aukera emango diena. Horrez gain, bideak pertsonalik gabeko bide automatiko gisa gaituko dituztela esan dute: TAG bidez, telefono mugikorrarekin, erloju adimendunarekin, banku txartel bidez edo eskudiruz ordaindu ahal izateko. Horretarako, ordainlekuak matrikula irakurtzeko kamerak eta bereizmen handiko inguru kamerak izango dituela adierazi du Bidegik, ibilgailu mota antzemateko eta era guztietako ordainketetarako makina automatikoak eta erabiltzaile operadore arteko urruneko komunikazio mekanismoak egiteko.
Ordainleku berriak arkuen konfigurazioa izango duela zehaztu dute, AP-8, N-1 eta A-636 autobideetan dauden Free flow sistemadun kobrantza arkuen antzekoa. Sei bideen erdian, gainera, kabina bat egongo da, laguntzadun eskuzko kobrantza ahalbidetuko duena. Diseinu berriari esker, ordainlekuaren eremua etorkizunean Free flow kobrantza baterako prest geratuko dela aurreratu dute, bestelako ordezkapenik egin behar izan gabe.