Udal hauteskundeetan "osasun publikoaren alde" bozkatzeko dei egin du Osasun Bidasoa Plataformak
"Betetzen zailak diren promesa elektoralistekin" ez konformatzeko eskatu diete herritarrei.
Bidasoa eta Bortziriak eskualdeetako osasun arretan “berehalako konponbideak” eskatzeko manifestazio jendetsua egin zuten Irunen hil honen hasieran. “Manifestazio arrakastatsua” izan zen, eta horrek, plataformako kideak hauspotu egin ditu herritarrak mobilizatzen jarraitzeko.
Plataformaren ustez, datozen udal hauteskundeetan “asko dago jokoan” eta “kalitatezko, unibertsaleko eta pribatizaziorik gabeko Osasun Publikoaren etorkizunerako” beharrezkotzat jo dute Osasun Publikoa hobetzea defendatzen duten aukeren aldeko botoa egitea. Horregatik, maiatzaren 28ko udal hauteskundetan “osasunaren alde bozkatzeko” eskatu diete herritarrei eta “betetzen zailak diren promesa elektoralistekin” ez konformatzeko eskatu diete ere.
Osasun Bidasoak, gainera, orain arte egin bezala, eskaintza zehatzak eskatzen jarraituko duela jakinarazi du: Bidasoako ospitalea handitzea Irun, Hondarribia, Bortziriak eta mugaz gaindiko herritarrei zerbitzu hobea emateko; kirurgia eremu berria eraikin erantsi batean kokatzea; Oinaurren anbulatorio berria berehala eraikitzea, Irungo anbulatorioetan kontsulta espazioaren defizit historikoa arintzeko; eta espezialisten gehiegizko itxaron zerrendak murriztea: gehienez 2 hilabetera, eta lehentasuneko arreta 15 egunera.