[Erreportajea] San Telmo, defentsarako gaztelua
Monumentu historikoa urriaren 26tik da herriarena, eta dagoeneko eskualdeko 3.000 bizilagunen bisita jaso du. Uztailean eta abuztuan itxi egingo dute ikerketa arkeologikoak egiteko.
Kai berritik Higer itsasargirantz doan bidean dago San Telmo gaztelua, Higer lurmuturrean. Bertara gerturatu bezain laster itsasorantz begiratzen duen baluarte bat ikus daiteke, harrizko horma zabal batez inguratuta. Asteartetik igandera, gazteluaren atarian hasten dituzte bisita gidatuak, Arma Plaza Fundazioak kudeatzen dituenak.
Hormak gurutzatu baino lehen, gazteluaren lehen zertzeladak ematen dituzte: 1598an, Felipe II.aren erregealdian, defentsarako gaztelu militar gisa sortu zen; zehazki, piraten edo kortsarioen balizko erasoetatik defendatzeko. Kortsarioek erregeen baimena izaten zuten lapurretak egiteko; piratak, aldiz, independenteak ziren, hau da, inoren menpekotasunik ez zuten lapurrak izaten ziren. XVI. mendean oso herri aberatsa eta indartsua zen Hondarribia, eta Frantzia edo Ingalaterra bezalako herrialdeen begiradapean zegoen. Nafarroatik esportatzen zen guztia Bidasotik irteten zen, eta Herbehereetako merkataritza ontziak ere bertatik igarotzen ziren. Lapurretak ekiditeko, beraz, soldaduz josia izaten zen gaztelua eta bost kanoi-bateria erasorako prest izaten zituzten beti.
Gotorlekuak kanpoaldetik txikia dirudien arren, 497 metro koadroko azalera du, eta zirrikituz beteriko hiru eraikin barne hartzen ditu. Bestalde, gazteluaren defentsa guneak hainbat aldaketa jasan ditu. Sarrerako horma eta ondorengo korridorea, adibidez, XVIII. mendekoak dira. 1775ean herrian gordetzen zuten bolbora San Telmo dorrera lekualdatzea erabaki zuten, etxebizitzetatik urrun. Bolbora ondasun preziatua zen, eta hura babesteko babes horma berri bat eraiki zuten.
Korridorean bertan egiten dute bisitako lehen geldialdia. Ateburuan Felipe II.aren errege armarria eta inskripzioa: Ad reprimenda pirratarum latrocinia, piratak zigortzeko sortua izan zela dioena ikus daitezke, «gazteluko harribitxia» da, Miren Aierbe udal arkeologoaren esanetan.
Hasieran defentsarako gaztelu militarra zena, gerora, bizileku bilakatu zen. 1870ean, esaterako, Aquilino Rodriguezek gazteluko lurrak erosi eta Hondarribian oso ezaguna zen familia bati alokatu zizkion: Olasotarrei. Aierbe: «Olasotarrak Gaztelu bezala ezagunak izan dira, beti hemen bizi zirelako». Baratzea eta abereak ustiatzen zituzten, eta diotenez, Hondarribiko arrautzarik onenak saltzen zituzten. «Bisitari batek baino gehiagok esan digu hori», azaldu du Ramon Barea Arma Plaza Fundazioko gidariak. Rodriguez hil zenean, 1925ean, lursailak haren alaba Anparoren eskuetan geratu ziren. 1980ko hamarkadatik aurrera, ordea, udako etxebizitza izatera igaro zen.
Higer edo Piraten gaztelua bezala ere ezagutzen den eraikina hiriko gune estrategiko batean kokaturik dago: Bidasoa ibaiaren bokalean, eta Asturiagako portu zaharraren ondoan.
Gazteluko korridoretik aurrera eginez eremu gotortuaren erdigunera iristen dira bisitariak, terraza zabal bat dago han. Kantauri itsasoa aurrez aurre ikus daiteke. Soldaduek itsasontziak urrutitik ikusteko gaitasuna zuten, eta beraz, horiek suntsitzeko denbora nahikoa izaten zuten.
Terraza hiru eraikinez inguraturik dago: dorrea, tropen kuartela, eta ofizialen pabiloia. Azken eraikin horren barrura sartu, eta erreformatutako horma zuriak dituen gela huts bat aurki daiteke. Izatez ofizialen pabiloia zen arren, 1980ko hamarkadaz geroztik, uda igarotzeko etxebizitza bihurtu zenean, lotarako gela bihurtu zen. Gelaren eskuineko aldean dauden eskaileretatik behera Olaso familiak erabiltzen zuen sukaldera irits daiteke. Etxetresna elektrikoak kendu eta gainontzekoa bertan uztea erabaki zuten, «iazko urtera arte bertan jendea bizi izan zela erakusteko», nabarmendu du Aierbek.
Eraikinaren barnean sartu ahala tenperatura apalduz joaten da, eta kanpoaldeko itsasoa mutu geratzen den heinean, harrizko hormen babesa senti daiteke.
Sukaldeari jarraiki arku itxurako sabaia duen pasabide bat dago. Hala, lur azpitik dorrera igaro daiteke. Eraikin horrek ere zenbait aldaketa jasan dituen arren, garaiko gezi-leihoak kontserbatzen ditu.
Bisita bukatzen hasteko, tropen kuartelaren eraikinera abiatzen dira hara joaten direnak. Bertara terrazatik heldu daiteke soilik, garai batean lur azpitik pasa zitekeela uste izan arren.
Tropen kuartelaren atarian XVI. mendeko ur putzu bat, eta amildegi ertzean dagoen komun originala aurki daitezke. Azkenik, horien ezkerraldean, tunel estu baten behealdean, ziegak izan zitezkeenak ikus daitezke. Mendeetan zehar bertan izan ziren presoen istorioak kontatzen dituzten kondairak hedatu diren arren, egun, ez dago horien jatorria baieztatzen duen iturririk.
Ikerketa historiko-arkeologikoa
Hondarribiko Udalak gazteluaren erosketa ofizialdu zuenean (2022ko uztailaren 26an), denborarik galdu gabe, eremu gotortua bisitak jasotzeko egokitu, eta udal artxibategian zuten dokumentazio guztia bildu zuten. Hasieratik udalaren asmoa herritarrak ikerketaren garapenaren eta eguneraketaren parte izatea izan zen. «Herritarrena da, eta herritarrek berea dela sentitzea nahi dugu», baieztatu du Aierbek. Iazko abenduaren 17tik Bidasoko 3.000 bizilagunek bisitatu dute gaztelua. Emozioa eta sorpresa izan dira Barearen ustez bisitarien artean errepikatu diren sentimenduak: «Gaztelua belaunaldi ezberdinek ezagutu dute, eta azkenean barrura sartzeak emozio handia eragin du, baita sorpresa ere». Udal arkitektoaren esanetan, bisita berezia da, «ez da ohiko bisita turistiko bat». Gainera, bertaratzen diren askok kontatzen dituzten istorioek gazteluaren «kontakizuna aberasteko» balio dutela ziurtatu du gidariak.
Eguraldiak ere izaten du zeresana. Ekaitza egiten duen egunetan gazteluak ezberdina dirudiela diote Aierbek eta Bareak: «Euria egiten duenetan, itsasoak bortizki erasotzen duenean, eta haizea indartsu dabilenean, gazteluaren izaera nabarmentzen da. Gaztelu sendoa da, XVI. mendean Hondarribia babesteko sortu zena».
Ohiko bisitez gain, bertako hiru eskoletako ikasleen bisitak jasotzen ari dira, eta aldi berean, artxibategiak arakatzeko lantalde bat martxan jarri dute, gazteluaren inguruko dokumentazioa bilatzeko. Alabaina, herriarena den ondarea berreskuratzen eta kontserbatzen jarraitzeko, gaztelua ixtea beharrezkotzat jo dute. Beraz, uztailean eta abuztuan eta ikerketa arkeologikoak medio, itxiko dute. «Planoak eraiki eta hormak irakurri behar ditugu elementu bakoitzaren antzinatasuna ezagutzeko», zehaztu du Aierbek. Gonzalo Lopez-Muniz arkitekturan espezializatutako dokumentalistak eta Fernando Cobos historian doktoreak gidatuko dituzte lanak.
Gaztelua, herriarena
Udalaren hurrengo erronka gazteluari erabilera egokia eta iraunkorra ematea da. Herritarrak izango dira San Telmoren etorkizuneko erabilera zein izango den erabakiko dutenak. Horregatik, bisiten bukaeran gaztelura bertaratutakoen iritzia jasotzen dute, inkesta orri baten bidez. Emaitzak uda bukatzerako izango dituztela aurreikusi dute.