«Gure asmoa da errekonozimendu bat izatea, mugan gaudela dioena»
Udal hauteskundeen testuinguruan, Irungo alkategaiei elkarrizketak egiten hasi da HITZA. Lehena da honakoa.
Irungo Zerrenda Aurretik Irun Aurrera (IZAIA) alderdia aurten sortu da eta, beraz, lehen aldiz aurkeztu dira udal hauteskundeetara. Zerrendaburua Jose Manuel Campo Requejo da. Beste kideen izenak ezagutzeko esteka honetara jo daiteke.
Zergatik bozkatu behar zaituzte herritarrek?
Irungo zerrenda bakarra gara irundarrez osaturik dagoena eta, gainera, Irungo interesak defendatuko duen zerrenda bakarra gara. Ez gaude lotuta kanpoko alderdiekin, eta guk erabakiak hartzen ditugu Irunen, eta Irunen alde. Ez dugu kanpoko alderdien influentziarik. Horregatik eskatzen dugu botoa.
Alkate baldin bazara, zein izango da egingo duzun lehen gauza?
Segurtasun publikoaren gaiari helduko genioke, batez ere aldaketa nahi dugulako. Badakigu gaur egun Irunen nola dauden ildo horretan gauzak, badakigu zein arazo dauzkagun. Esaterako, neska gazteak, batez ere gauez ibiltzen direnean, nahiko larri ibiltzen dira, eta nahiko arriskutsua da haientzat gure herrian bizitzea. Eguneko bizitza dugunok, nahiko zaharrak garelako, ja ez gara hainbeste konturatzen, baina badago hor oihu bat herritarren aldetik Irunen segurtasun publikoa falta dela esaten duena.
Bestalde, gure asmoa da errekonozimendu bat izatea mugan gaudela dioena, kontuan hartzeko horrek zenbat arazo erakartzen dizkion Irungo jendeari. Adibidez, trafikoa, auto-ilarak, mugako blokeoa… Azken honetan ez dakigu frantsesak errudunak diren edo… Hainbeste kontrol daude… Azken batean irundarrok sufritzen ditugu arazo horiek. Hori izango zen gure asmo nagusia.
Ildo horri jarraituz, eskatuko genuke kanon bat, Gasteizek kobratzen duena bezalakoa Euskadiko hiriburu izateagatik. Kanon horrek zama produktuak eramaten dituztenekin bezala funtzionatzen du. Gauza bera eskatuko genuke Irunentzako. Gure programa askoz ere zabalagoa da, baina horiek lirateke gai nagusienak.
Zein garrantzi ematen diozu auzoei?
Auzoak gure pentsamenduan hasiera-hasieratik izan ditugu presente. Alderdia auzo ezberdinetako jendearekin osatu dugu, Irun osokoak, eta Irun osoan zehar bizi direnak. Auzoak dira Irungo bihotza. Zeren nahiz eta gu egunero erdigunean ibili edo lan egin, badakigu oso zabala eta handia dela Irun, 63.000 biztanleren bueltan ditu hiriak.
Azken batean, gu auzoetatik ari gara kanpaina egiten, ez daukagulako dirurik, eta antolakuntza aldetik ere ez dugu esperientziarik, baina gure kontaktu eta gure jendearekin asko mugitzen ari gara auzoetatik. Bai auzo handietatik Katea, Artia edo Larreaundi bezalakoak, baina baita baserri eremuetatik ere, Olaberria, Bidasoa eta Meaka, adibidez. Horregatik, gu ez gara geldituko beste alderdiak bezala hiriaren erdi-erdian bakarrik, beharrezkoa zaigulako hori pixka bat lantzea eta auzoetako jendea laguntzea, ez dugulako beste baliabiderik jendearengana iristeko.
Zein dira egungo lehen arretaren aurrean zuen proposamenak? Eta Bidasoko Ospitaleko obrei buruzkoa?
Udalean oraindik ez dugunez lan egin, horri buruz dakiguna hedabideetan irakurri duguna da bakarrik. Ez dugu oso ondo ulertzen zergatik sortu den iskanbila hau azken hilabeteetan. Kanpotik ikusita, behintzat, azken lau urteetan ez dugu problemarik izan-eta Irunen. Osasun Bidasoa plataforma hasi zen kexaka orain dela urte bat, alkatea gurdira igo zen, eta azkenean gure ustez da PSE-EE eta EAJren arteko gatazka politiko bat. Hori bai, kaltetuak irundar guztiak gara.
Oinaurreko anbulatorioa, aspalditik proiektatua dagoena, tronpatzen ez baldin banaiz orain dela hamabi urte iragarri zuten, eta hortxe dago geldirik, proiektuarekin ez dute ezer ere egin. Alkateak esaten du Osakidetzaren errua dela, ez duela ezer egiten. Ez dakigu egia den edo ez, baina guk uste dugu EAJ eta PSE-EEren arteko auzia dela, eta hor hiriko biztanleria kaltetuta izaten ari dela.
Hainbat eskaera egin dira Alardea udalak berriz ere antola dezan. Zuek horretarako prest zaudete?
Alardearen auzian guk argi eta garbi daukagu udalak ez duela parterik hartu behar, ezta beste instituzioren batek ere. Ez antolakuntzan, ez finantziazioan.
Irungo euskararen kale erabilera ez dator bat ezagutzarekin. Zer egingo duzue erabilera handitzeko?
Jendea kontzientziatu behar da erabilera handitzeko. Nola kontzientziatu? Guk ez daukagu hagaxka magiko bat. Orduan, uste dut bakoitzak bere etxetik hasi behar lukeela. Kalean, berriz, uste dut erabilera nahiko ederra daukagula, kontuan izanda 63.000 biztanleko hiri bat dela Irun, eta herritar asko kanpotik etorritakoak direla. Beraz, nahiko erabilera ederra daukagula uste dut. Nire ustez ez dago hain gaizki erabilera Irunen. Ez gara konparatu behar Oiartzun edo Abaltzisketarekin, azken batean, Irun, Irun da, eta hori ezin dugu ezeztatu. Gu euskararen erabileraren alde gaude, logikoki. Nahikoa erabiltzen da, baita ere udalaren partetik ere, eta horrekin ados gaude. Euskara gehiago zabaltzea nahi dugu.
Beste aldetik, konforme gaude gaur egungo egoerarekin. Gainera, Irunen nahiko naturala da euskara. Beste leku askotan artifiziala da, baina hemen erabiltzen dira bai gaztelania eta bai euskara berdin-berdin. Ezagutzen dut jende asko ez dakiena euskaraz, baina gazte gehienak badakite, edo nahiko ondo erabiltzeko moduan daude.
Etorbidearen zubiaren eta duela gutxira arte itxita egon diren beste zubien itxierei buruz zein iritzi duzue?
PSE-EEko alkateak ez du hainbeste lan egin berak esaten duen bezala. Ez dago harremanik Ipar Euskal Herriko eta Frantziako arduradunekin. PSE-EEko ordezkariak itxita daude beraien gazteluan, udaletxean, eta gero argazki bat ateratzen dute noizbehinka esanez bilera egin dutela Hendaiako edota Baionako alkateekin eta, hala ere, ez dakigu zergatik ez den zubia irekitzen.
Gaur egun ez dago kontrolik Santiago zubian, eta onenalitzateke Etorbidearen zubia irekitzea. Ni neu askotan pasatzen naiz ibiltzen bertako bidegorritik, Etorbidearen zubian gelditzen gara blokeatuta, eta ikusten dugu Frantziako polizia beste aldean dagoela. Ez dakigu zergatik ez duten hori konpontzen. Baliteke ez izatea alkatearen erantzukizuna. Ez dakigu, baina bera PSE-EEkoa denez, bere alderdiak zerbait egin beharko luke. Harremanetan jar dadila Frantziako boteredunekin, adibidez, ez dadila bakarrik jarri harremanetan argazkia ateratzeko. Hori delako normalean egiten duena.
Bestetik, zer geratzen da abuztuan auto-ilara horiekin? Aste bat edo bi aguantatzen ditugu, eta gero irailean Santano pasatzen da Hendaiara eta ateratzen du argazki bat. Hori aurretik egin behar zen, ezta? Maiatzean, ekainean edo uztailean. Baina urteroko arazoa da, eta azkenean irundarrok jasaten dugu hori. Arazo hori ez dute jasaten ez donostiarrek, ez hondarribiarrek, guk bai.
Ildo horretatik segituta, Zaisan astelehenero dagoen arazoaz hitz egin nahiko nuke. Ingalaterratik etortzen diren kamioiengatik arazoa dago astelehenero inguru horretan, legez aduanako tramiteak Irunen egin behar dituztelako. Kamioi pila bat iristen dira astelehenetan, eta Zaisako aduanan ez dago tokirik tramiteak egin bitartean aparka dezaten. Guztira 50 kamioientzako dago lekua eta, orduan, Behobia osoa okupatzen dute, eta blokeatu egiten dituzte Irundik Behobiarako bideak, Gazteluzar ingurua, eta Blaia ibilbideko bidezidorra. Jendea joaten denean astelehen goizero lanera blokeatuta egoten da, eta Irundik Zaisara iristeko ordubete behar dute kotxez. Zubien gaiarekin lotuta egon behar dela uste dugu.
Dena egin behar dugu. Irunen Frantziarekin muga dugu, eta horregatik diogu eskubidea daukagula kanon hori, laguntza hori lortzekoa. Ez dakigu zein instituziotik etorri behar duen laguntza horrek, gure ustez Europatik etorri behar du. Irundarrok jasaten ditugun arazoak mugagatik dira eta, askotan, Frantzia aldean dituzten arazoen ondorioz.
OARSO BIDASOKO HITZAk herri guztietako alkategaiei egindako elkarrizketak publikatuko ditu. Hautagai horiek HITZAk emandako galdetegi bat erantzun dute, eta herri bakoitzeko alkategai guztiei galdera berberak egin zaizkie. Elkarrizketak 2019ko udal hauteskundeen emaitzen arabera publikatuko ditu HITZAk, boz gutxien jaso zituen alderditik hasita, gehien bere egin zituenera arte. Honakoa Irungo 1. elkarrizketa da.