[Erreportajea] Auzogile historikoak aitortu dituzte, plazatxo bat eskainiz
Roberto Iparragirre Estonba eta Miguel Burgete Ariztun, Larreaundi-Olaberriako Auzo Elkarteko eragile historikoei omenaldia egin diete elkarteko belaunaldi berriek. Haien izena jarri diote plazatxo bati.

Larreaundi-Olaberriako jaiak izan berri dira, apirilaren 28tik maiatzaren 1era arte zehazki. Iaztik biziberritu egin diren jaiak dira, belaunaldi berri bat sartu delako bertako auzo elkartean, auzoko jaiak antolatzeko gogotsu dagoena. Talde berri hori auzo elkartean sartzean, 40 urtez bertako presidente izan eta 86 urte bete berri dituen Roberto Iparragirre Estonbarekin egin zuten topo. Harekin batera Miguel Burgete Ariztun ere aritu da orain dela gutxi arte, osasunak jardunari neurria hartzea derrigortu duen arte.
Jaien azken egunean, Langileen Nazioarteko Egunean hain zuzen, Irungo Udal Musika Bandak kontzertua eskaintzen du urtero auzotarrentzat, baina aurtengoa ez da ohikoa izan. Tomas Arana Auzo Elkarteko kideak azaldu du jaiak antolatzen ari zirelarik kide bati bururatu zitzaiola Iparragirre eta Burgete omentzea. «Argi genuen omenaldia bandaren kontzertuan izen behar zela». Txapela bana egin zieten Larreaundi-Olaberriako armarriarekin, baina ez ziren horretara mugatu: «Gutako norbaiti okurritu zitzaion polita izango litzatekeela Mirarietako Ama Birjina eta Eguzkitzalde kaleen arteko pasabide edo plazatxo horretan plaka bat jartzea, beraien omenez». Aurrera egin zuten ideiarekin. Ez zuten zalantzarik izan.
Plakan Miguel eta Roberto auzogileak plazatxoa idaztea adostu zuten. Baina, noiz egin inaugurazioa? Aranak zehaztu du bandaren azken hiru abestiak zirela unerik egokiena. «Azken aurreko bi abestiak auzoari eskainiak izaten dira, eta azkena Internazionala izaten da. Azken kantua baino lehen eten bat egingo zutela adostu genuen bandako kideekin, eta hor sartu omenaldiaren tartea. Uste dut guztiz asmatu genuela. Azken batean, jende guztiaren atentzioa hortxe zegoen».
Iparragirrek hunkituta oroitu du une hori, ez zuelako inondik inora espero. Oraindik asimilatzen ari da. «Omenaldian negar egin nuen, emozioz. Txapelak hunkitu egin ninduen». Bandaren kontzertuan haren emaztea zegoen, eta plakaren lekuan gortina bat ikusi zuten, «pentsatu nuen gaztetxo batek bota zuela traputxoa eta hortxe geratu zela. Eta bat-batean irekitzeko esan zidaten. Oso hunkigarria izan zen. Familia guztia zegoen».
Auzogileak
Auzo elkartean duela urte eta erdi sartu da indar asko duen talde berria, baina ordura arte bizirauten egon da elkartea. Hori Iparragirre eta Burgeteri esker izan da, besteak beste. Izan ere, Iparragirrek oroitu du urte luzetan lau izan zirela auzogileak: «Moises Martinez, Juan Maritxalar, Miguel Burgete Ariztun eta ni neu». Auzo Elkarteko Aranak adierazi du egungo biziberritze egoera horren aurrean, garrantzitsuena zela auzotarrek jakitea nork eutsi dion azken urteetan auzogintza lanari: «Haiek ere sentitu behar zuten jende berriak haiek egindako lana baloratzen duela, hainbeste urtez auzo elkartea bizirik eusten». Hori bai, autokritika egin du Aranak: «Emazteei ere aipamen txikia egin genien, baina ez genuen beraien garrantzia nabarmendu. Haiek hemen orduak sartu badituzte [Iparragirrek eta Burgetek], emazteen laguntza handia jaso dutelako da. Horiek Maribel Basterra Egia eta Isabel Mancebo Pastor dira. Beraien garrantzia ere aitortu nahi nuke».
Eragiten segitzeko gogoa
Iparragirre duela 40 urte sartu zen auzo elkartean, eta oso ondo gogoan du nola: «Auzoko Perolas elkartean bilera bat egiten ari ginen, Euskal Giran parte hartzen genuelako karroza batekin. Urte horretan erabaki genuen auzoko jaiak antolatu behar zirela». Lehenik, baina, auzo elkartea berreskuratu behar zela oroitu du «txakurtegi bat» zelako egungo lokala. «Bilera bat egin genuen 20 bat pertsonaren artean, eta presidentea nor izango zen hausnartzen hasi ginen». Lehen bi urtean haren lehengusua izan zen, baina lanarekin ezin uztartu, eta Iparragirrek hartu zuen lekukoa.
Goizero 10:00etatik 13:00etara auzo elkarteko bulegoan egoten da Iparragirre. «Hona egunero etortzen naiz entretenimendu asko dagoelako. Kuotak kobratzen ditut, bidaiak antolatu…». Talde berriak jaiak antolatu nahi zituela esan zionean, hark erantzun zien «soka batekin» lotuko zituela: «Oso pozik nago, jende honek beste ideia batzuk ditu».