Eragozpenen gainetik, hemen da Irungo Koadrila Eguna
Eguna egi bihurtzeko bidea arazoz betetakoa izan bada ere, egitarau oparoa ondu dute antolatzaileek ekainaren 24rako.
Hilabete eskas geratzen da Irungo San Pedro eta San Martzial jaiek eztanda egiteko, eta eragileak hasiak dira jada festetarako antolatu dituzten jardueren lehen zertzeladak aurkezten. Gaur goizean ekainaren 24an ospatuko den Irungo Koadrilen Eguna aurkeztu dute Betti Gotti elkarteko kide diren Oihane Martinezek, Patricia Sanchezek eta Iera Lakak.
Aurtengo ekitaldia errealitatea bada ere, egi bihurtzeko bidea arazoz beterikoa izan dela jakinarazi dute antolakuntzako kideek, pandemiak eta Ukrainako gerrak “asko” eragin baitiete, batez ere “bideragarritasun ekonomikoan edo araudi berriak betetzean”. Zailtasuneko egoera hori ikusirik, 2022an Irungo Udalak “Koadrila Eguna aurrera ateratzeko apustua” egin zuela baietsi dute kideek, “aktibitateari kreditu handitzea udal gobernuan adostuz”.
Kreditua handitu arren, Betti Gottiko kideek aitortu dute “ez zela nahikoa izan”, eta Betti Gottik ekitaldia antolatzeko “aurrekontu osotik” Koadrila Eguna bermatzeko gauzak “kendu” behar izan zituztela, “udaletik laguntza nahikorik ez zegoelako”. Iaz, udalaren laguntza aurrekontu osoaren %38koa izan zen, eta Betti Gottiren ekarpena, %62koa.
Aurtengo ekitaldirako, baina, egoera hobetu ez dela aurreratu dute antolatzaileek, udalak esan baitie kultura departamentuan “murrizketak” daudela. Hori dela eta, 2023ko Koadrila Eguneko aurrekontua honela geratu da: udala, %22 eta Betti Gotti, %78. Hau da, iazko datuekin alderatuta, elkarteak %16 diru laguntza gutxiago jaso du udalaren aldetik. Eguna “behar bezala” antolatzeko, “udalak gehiago” egin beharko lukeela dio elkarteak, jarduerari “ekonomikoki bideragarritasuna” emanez.
Gauzak horrela, Koadrila Eguna “berrantolatzea” egokitu zaiela onartu dute antolatzaileek, “lan gehiago” eginaz, “ahalik eta murrizpen gutxien eragiteko ekintzari”. Gotti Bettitik “dei berezia” egin diote udalari: “Elkarteak behar duen segurtasun eta berme guztiak asetzeko eta horrelako egun baten antolaketa bermatzeko, egoera prekario batetatik ateratzeko laguntza eman dezala. Dei honi erantzutea nahiko genuke”.
Udalari elkarlanean hasteko eskaera luzatu diote antolatzaileek, Herri Bazkaria Irungo hirigunera ekartzeko. Betti Gottiko kideek zehaztu dute ez duela esan nahi Ficobako guneak egon behar ez duenik, baina “beste herritar profil bati” ere aukera ematea gustatuko litzaieke.
Egitaraua
Antolatzaileek programazio oparoa ondu dute ekainaren 24rako (larunbata), goizetik gauera arte. Hona hemen:
- 09:00etan: Koadrilen gosari herrikoia Urdanibia plazan.
- 09:30ean: Goitiberan parte hartzeko zozketa Urdanibiako oholtzan.
- 10:00etan: Irun Hiriko Sari Nagusia goitibera lehiaketa.
- 12:00etan: Txaranga Peña Poteo eta Trikitilariak, Alde Zaharreko kaleak girotzen.
- 13:15ean: Kalejira, Urdanibia plazatik abiatuko da.
- 14:15ean: Bazkaria Ficoban eta globo txupinazoa.
- 16:00etan: DJ Balber. Ficobako ateak 16:00etan irekiko dira.
- 17:00etan: Burrunbarekin dantzaldia.
- 19:00etan: DJ Balber.
- 20:30ean: Kalejira eta DJarekin itzulera.
Parte hartzeko izen-emateak
- Gosari herrikoia: Izen-emateak hilaren 22tik ekainaren 11 bitartean egin behar dira Betti Gottiren webgunean. Prezioa: 12 euro.
- Goitibera lehiaketa: Izen-emateak hilaren 22tik ekainaren 11 bitartean egin behar dira Betti Gottiren webgunean.
- Herri Bazkaria: Izen-emateak hilaren 26ko 12:00etatik hilaren 28a bitartean egin behar dira Betti Gottiren webgunean, Ficobako edukiera bete arte. Prezioa: 20 euro.
Herri Bazkaria
Koadrila Eguneko bazkari herrikoia Ficoban egingo da. Lehenengo eta bigarren pabiloiak bazkarirako ahalbidetu dituzte; hirugarrenera, aldiz, barra eta dantzaldia eramango dituzte. 1.800 pertsonarentzako edukiera du pabiloiak, eta aurtengo zapiaren kolorea urdina izango da.
Txartela eskuratzerakoan eserleku zenbakia erreserbatu beharko dela gogorarazi dute antolatzaileek. Horrez gain, koadrilek elkarrekin jarri nahi badute, txartelak elkarrekin hartzea “garrantzitsua” dela nabarmendu dute. Txartelak erosterakoan, pertsona baten datuak bilduko dituzte, eta sarrera gisa erabiliko den txartela inprimatu beharko da. Dieta berezia behar duten, edo intolerantzia edo preskripzio medikua duten pertsonek aukera izango dute adierazteko eta eroslearen ardura izango da bere koadrilan ere hori adieraztea.
Sarrerak zenbakituak direla argitu dute antolatzaileek, eta adingabekoei sarrera ez erostea eskatu diete, ez baitiete utziko Ficobara sartzen.
Errespetua ezinbestekoa
Herri Bazkaria ondo joan dadin, “errespetua ezinbestekoa” dela argi utzi dute Betti Gottiko kideek. Egitasmoaren atzean pertsona askoren lana eta parte hartzea daudela oroitu dute, eta hurbiltzen diren pertsonei “errespetuz eta lasaitasunez” jokatzea eskatu diete. Txartelen banaketa egunean “arau sinple” batzuk banatuko direla azaldu dute, eta “jarrera desegokiak” badaude, antolakuntzak “neurriak” hartuko dituela esan dute.
Koadrila Egunaren gaineko informazio gehiago Betti Gottiren webgunean eta sare sozialetan aurkituko dute interesdunek. Horrez gain, norbait boluntario gisa laguntzeko prest baldin badago, Betti Gottirekin posta elektroniko bidez harremanetan jartzea eskatu dute.