Udaletxea ezagutzeko bisita gidatuak bueltan dira
Maiatzetik azarora bitartean, hilabete bakoitzeko azken larunbatean izango dira bisitak. Lehena hilaren 27an izango da: 11:00etan, euskaraz, eta 12:00etan, gaztelaniaz.
Irungo Udalak, Bidasoa Bizirikekin elkarlanean, Irungo Udaletxea ezagutzeko bisita gidatuen beste programa bat antolatu du. Egitasmoaren helburua da “Irungo ondare historiko eta kulturalari balioa ematea”.
Maiatzetik azarora bitartean, hilabete bakoitzeko azken larunbatean, bisita bikoitza egingo da udaletxea bertatik bertara ezagutzeko: 11:00etan, euskaraz, eta 12:00etan, gaztelaniaz. Bisita gidatua udaletxeko gela garrantzitsuenetan barrena egingo dela zehaztu du udalak, eta ordubete inguruko iraupena izango du.
Lehen bisita datorren larunbatean egingo da, hilak 27, eta parte hartzaileak San Juan plazan bilduko dira. Publiko guztiei bideratutako jarduera doako bat dela nabarmendu du udal erakundeak. Izen-emateak 943 02 07 32 telefonora deituta edo Luis Mariano lorategietako turismo bulegora joanda egin behar dira.
Online bisitak
Aurrez aurreko bisita gidatuez gain, udalak gogorarazi du aukera dagoela udaletxearen bisita birtuala egiteko udalaren webgunearen bidez. Bisita birtual hori San Juan plazan hasten da, eta San Juan Harria eta eraikinaren fatxada nagusia ikusi ondoren, bisitariak eraikinera sar daitezkeela adierazi du udal erakundeak. Barruan direla, informazio puntuak sortzen dira zenbait objekturen gainean, hala nola, beirateak, udal pinakotekako margolanak edo sarrerako kanoiak.
Udaletxea
Irungo Udaletxea XVIII. mendean eraiki zen, garai hartan Europan modan zegoen estilo barrokoan. 1756an hasi ziren eraikitzen, eta 1763an inauguratu zen. Eraikinaren eraikuntzarekin, bertako aretoekin edota udaletxearen barruan ikusgai dauden udal pinakotekako obrekin lotutako gaiak bisitan jorratuko direla jakinarazi dute.