San Pedro eta San Martzial jaietako kontzertuak iragarri dituzte
Musika programazioa ekainaren 16tik 28ra luzatuko da. David Bustamante, ETS, Neomak, Huntza, Prok edota La Zowi Irunen izango dira.
Hilabete eskas geratzen da Irungo San Pedro eta San Martzial jaiek eztanda egiteko, eta gaur festetako musika ikuskizunen berri eman du Irungo Udalak. Udaleko ordezkariek adierazi dute “bertako talentuek eta talde ospetsuek” osatzen dutela musika programazioa. Hainbat dira ekainaren 16tik 28ra bitartean Irunen izango diren artistak.
Ekainaren 16an (ostirala) emango zaio hasiera kontzertu sortari David Bustamante abeslariarekin. Musikari espainiarra San Juan plazan arituko da kantuan, 22:30ean. Ekainaren 17an, aldiz, En Tol Sarmiento (ETS) taldearen txanda izango da. ETSk Urdanibia plaza girotuko du 22:30etik aurrera.
Kontzertuek ekainaren 23an izango dute jarraipena, San Martzial jaien lehen egun ofizialarekin bat eginez. Festen lehen egunean Zarata eta Neomak taldeak igoko dira Urdanibia plazako oholtzara, 22:30etik aurrera. Ekainaren 24an, berriz, Ankerra eta Huntza taldeek girotuko dute Mosku (22:30).
Udal ordezkariek ekainaren 28ko hiri musikaren jaialdia ere nabarmendu dute. Urdanibian bilduko dira 22:30ean, RAK$ CLUB ‘Vuelo 14’ saioa egiteko. Prok, La Zowi, Klandestina, Unai Muguruza eta Suso artistak arituko dira kantuan. Horrez gain, egun berean, Jamaica Show orkestra San Juan plazan arituko da 23:30etik aurrera.
Parte hartze prozesua
Irungo Udalak etxeko taldeak bozkatzeko prozesu parte hartzailea zabaldu zuen apirila bukaeran, eta prozesu horrek baditu irabazleak: Zarata eta Ankerra taldeak dira Urdanibia plazako oholtzan arituko diren bertako taldeak. Orotara, 2.703 lagunek parte hartu dute prozesuan, eta 3.284 boto eman dira. Zarata 716 botorekin nagusitu da, eta Ankerrak 500 jaso ditu. Zarata Neomak taldearen teloneroa izango da ekainaren 23an; Ankerra, aldiz, Huntzarena izango da ekainaren 24an.
Txosnak
Entitateek txosnak eskatzeko prozesua bukatuta, udalak jakinarazi du Emakumea eta Zinea Kultur Elkartea, Hazia Kultur Elkartea, Elatzeta Kultur Elkartea eta Irungo Ekologisten Elkartea izan direla hautatuak.
Honakoa da musika programazio osoa:
- Ekainak 16: David Bustamante.
- Ekainak 17: En Tol Sarmiento.
- Ekainak 23: Zarata eta Neomak.
- Ekainak 24: Ankerra eta Huntza.
- Ekainak 25: Bengo, DJ Candi eta DJ Oihan Vega.
- Ekainak 26: Samurai, DJ Aitana Grandes eta DJ Asier Fernandez.
- Ekainak 27: Santa Salut, DJ Maria Lopez eta DJ Josu Rodriguez.
- Ekainak 28: Prok, La Zowi, Klandestina, Unai Muguruza, Suso eta Jamaica Show.
- Ekainak 30: Diskofesta.