Harrobietako haurrentzako parkea, erabiltzeko prest
Udalak jakinarazi du parkea berritzeko lanak bukatu direla. Parkea "goitik behera" aldatzeaz gain, jolas berriak instalatu dituzte, joko inklusiboen eremu berri bat ezarriz.
Irungo Udalak jakinarazi du bukatu direla Harrobietako haurrentzako parkea berritzeko lanak. Udal erakundeak adierazi du 650 metro koadroko eremu horretan “beharrezkoa” zela instalazioak berritzea jolasei eta segurtasunezko zoruari dagokionez.
Parkea erabiltzeko prest dago jada, baina oraindik lan bat egitea falta dela aitortu du udalak: kautxuko eremu instalatu berria konpondu behar dute, obrak egiten ari ziren bitartean norbait sartu eta hondatu baitzuen.
Jarduketei erreparatuz, parkea “goitik behera” berritzeaz gain, jolas berriak instalatu eta inguruko drainatze sarea eta argiteria hobetu direla baietsi du udal erakundeak; eta ezarri diren instalazioen barruan joko inklusiboen eremu berria nabarmendu dute. Harrobietako jarduketak beste parke batzuetan lehenago egin direnen ildo beretik doazela esan du udalak, eta helburua da haur guztiei jolasteko aukera eskaintzea, “edozein direlarik haien gaitasunak”, eta haurren arteko “bizikidetza eta interakzioa sustatzea”.
Premisa horren arabera, kautxuzko lurzorua instalatu da erdialdean, eta “adin eta gaitasun guztietako” haurrentzako jolas elementuak jarri dira bertan. Horrez gain, parkearen ipar-ekialdeko aldean kalistenian eta mahai tenisean aritzeko kirol espazio bat sortu dute.
Obren exekuzio epea lau hilabetekoa izan da, eta 195.476,27 euroko aurrekontua izan dute. Enpresa esleipenduna Construcciones Echaide izan da.