Txinzerrek uraren kudeaketaren datuak zuzenean jasotzeko sistema digitalizatu nahi du
10.891.282 euroko proiektu bat aurkeztu dio Txinzerrek Espainiako Trantsizio Ekologikoko Ministerioari. Uraren kudeaketatik eratorritako datuak momentuan jasotzea du helburu eta horiek herritarrengana gardentasunez iristea.
Txingudi Zerbitzuak-ek Txingudi Data Driven Bay izeneko proiektua aurkeztu du Trantsizio Ekologikoko Espainiako Ministerioak irekitako laguntzen deialdira. Ideia dute Irun eta Hondarribiko uraren ziklo integralaren kudeaketa hobetzea adimen artifizialari esker.
Ondu duten proiektuaren aurrekontua 10.891.282 eurokoa da eta horietatik %75eko kostua barne hartzeko diru laguntza eskatu diote Espainiako Gobernuari, hain zuzen, 8 milioi euro baino “zertxobait gehiago”.
Proiektua gauzatzeko dirua jasoz gero, ura biltzeko, hornitzeko, saneatzeko, arazteko eta isurtzeko sistemak erabat digitalizatuko dituzte. Horretarako, adimen artifiziala eta machine learning deituriko tresna teknologikoak erabiltzea dute asmo.
Tresna horiekin datu kopuru handiak aztertu eta ur baliabideak hobetu ezagutuko ahalko dira. Era berean, uraren kudeaketa eraginkorragoa izango dela baieztatu du Txinzerrek, “Irungo eta Hondarribiko herritarrei kalitate handiagoko zerbitzua eskaintzea ahalbidetuko baitu”.
Alegia, uraren ziklo integralaren kudeaketa “nabarmen” hobetuko da. Hori egikaritzeko kudeaketa-adierazleen kopurua bikoiztuko dute, eta funtsezko puntuetan sentsorika desberdinak ezarriko dira. Sentsorika horien bitartez ahalik eta datu gehien jasoko dituzte etengabean eta, gainera, denbora errealean.
Datu horiek Eragiketa Adimendunen Zentroan bilduko dituzte momentuan eta bertan aztertuko dituzte adimen artifizialeko teknologia eta big data erabiliz, “erabakiak ahalik eta azkarren hartzeko modua hobetu eta iragarpen-ereduak sortzea errazagoa izan dadin”.
Adituei datuak kudeatzeko erraztasunak emateaz gain, proiektuaren beste ardatzetako bat informazioa herritarrei eta administrazio publikoei gardentasun osoz ematea izango dela azaldu dute, “betiere eraginkortasun energetikoa kontuan hartuta”. Herritarrei datu hauek gerturatuz “uraren erabilera eraginkorragoa eta iraunkorragoa” ahalko dutela egin argitu du Txinzerrek.
Proiektuaren xehetasun guztiak lotura honetan kontsulta daitezke.