Parke eta plaza berri baten lanak hasi dituzte Larreaundin
Haurrentzako parke bat eta plaza bat sortuko dituzte San Frantzisko Xabier eta Txumi Erreka kaleen artean. Bost hilabete iraungo dituzte lanek eta inguruko kaleetako aparkalekuetan eragina izango du.
Iberdrolaren azpiestazioa kendu eta gero, San Francisco Javier eta Txumi Erreka kaleen artean, edota Balaztaren etxearen alboan plaza bat eta haurrentzako parke bat sortzeko lanen lehen faseari ekin dio Irungo Udalak.
Aurrekontua 374.773,64 eurokoa da, bost hilabete dituzte lan hauek bukatzeko eta obren esleipena Otegi-Gaztañaga S.L-ri egin diote.
Lehen fasearekin auzoarentzat berreskuratu nahi dute ingurua eta, gero, haurrentzako parke bat eta aisiarako erabili ahalko den plaza bat sortuko dituzte. Horretarako, dagoeneko bertan dagoen plazatxoa probestuko dute.
Plazak triangelu forma izango du eta 165 metro karratuko espazioa bereganatuko du. “Parterra proiektatzen da, non heskai-lerro bat eta bihurdura soileko hesi bat landatuko diren eskolaurreko eremuarekin hesia egin dezaten”. Obren xehetasun guztiak udalaren orrialdean kontsulta daitezke.
Lanak iraun bitartean inguruko aparkaleku batzuk okupatuko dituztela ohartarazi du udalak, hain zuzen, San Francisco Javier kalekoak eta Txumi Erreka kalekoak. Gainera, azken kale honetako edukiontziak metro batzuk lekualdatuko dituzte.