Nesken talde nagusia lehiara itzuliko da larunbatean
Txingudi Errugbiko nesken taldeak laugarren lagunartekoa jokatuko du etzi Plaiaundin, 12:30ean. Mutilak, aldiz, Ultzamara joango dira zazpiko errugbi txapelketan aritzeko.
Txingudi Errugbiko emakumeen talde nagusia lehiara itzuliko da larunbatean. Maider Aizpuruak eta Asun Gamindezek entrenatzen duten taldeak Mungiaren aurka jokatuko du etzi Plaiaundin, 12:30etik aurrera. Honakoa izango da bidasoarrek jokatuko duten laugarren lagunarteko partida Nafarroako Selekzioaren, Mungiaren eta Sarako Izarraren kontra jokatu ondoren. Horrez gain, Bardozeko taldearekin ere topaketa bat egin zuten iragan apirilean.
Gizonak, Sevens Txapelketara
Pasa den asteburuan igoera gabe geratu ondoren, gizonen talde nagusia lehiara itzuliko da larunbatean. Bidasoarrak Ultzamara joango dira Baztango Menditarrak taldeak urtero antolatzen duen zazpiko errugbi txapelketan aritzeko. Etziko topaketan etxeko taldearekin eta Iruñarekin bina partida jokatuko dituzte.
Klubak jakinarazi du txapelketa hau talde baztandarrak antolatzen dituen urteroko jaien egitarauan kokatzen dela. Hori dela eta, errugbi neurketez gain, haurrentzako ekintzak edota kontzertuak egongo direla aurreratu dute.
Euskadiko finalak, gertu
Azken asteetan Txingudi Errugbik eta Euskadiko Federazioak aditzera eman dutenez, hilaren 20an, larunbata, Irun izango da Euskal Ligen maila ezberdinetako finalen egoitza. Gizonen finalean Elorrio eta Eibar arituko dira nor baino nor; emakumeen finala, aldiz, Durangok eta Gaztedik jokatuko dute. Bultza Ligako eta 16 eta 18 urtez azpiko mailetako finaletan zelairatuko diren taldeak asteburu honetan erabakiko dira.