Leontxo Garciak jasoko du 'Irungo Erraldoia' saria
Igande honetan emango dio Irungo Atsegiña Elkarteak saria irundarrari, 13:30ean. Xakearen alde egin duen lana eta osatutako ibilbidea aitortuko dituzte.
Leontxo Garcia irundarrak jasoko du Irungo Atsegiña Elkarteak ematen duen ‘Irungo Erraldoia’ saria. Xakean espezializatutako kazetari gisa izandako “esperientzia luzeagatik” eta kirol horren dibulgatzaile gisa egindako “lan ukaezin eta nekaezinagatik” sarituko dute. Xakearen alde egindako lana eta osatutako ibilbidea aitortuko dituzte. Igande honetan (hilak 14) jasoko du saria Garciak, 13:30ean, Irungo Atsegiñaren egoitzan.
Eusko Jaurlaritzako Xake monitorea, Garciak esperientzia du haurren entrenatzaile gisa, eta Atsegiñatik azaldu dutenez, 2002tik xakea hezkuntza tresna gisa zabaltzen eman du denbora gehien. Horren adibide da 30.000 irakasle baino gehiago bertaratu direla bere hitzaldi, tailer eta mintegietara.
Leontxo Garcia ‘Kasparov Iberoamerikarako Xake Fundazioko’ hezkuntza xakeko aditu eta adituen taldeko kide da. Bere nazioarteko hizlari taldearen zuzendaria ere bada. Fundazio horren bidez, 2014 eta 2019 urteen artean 100 trebakuntza mintegi baino gehiagotan parte hartu duela nabarmendu dute, “milaka irakasle sentsibilizatuz xakea tresna pedagogiko boteretsu gisa zabaltzeko”.
“Xakearen propagandista nekaezina”, Garciak joko horren irakaskuntza bultzatzen du munduan zehar, bai haurrei, baita helduei ere. “Xakearen ariketa erregularrak garunaren zahartzea hobetzen du, eta alzheimerra eta zahartzaroko beste dementzia batzuk prebenitzeko ere baliagarria izan daiteke”, dio Garciak maite duen kirolari buruz.
Saria jaso ondoren, ohiko bazkaria egingo dute Atsegiñaren elkartean, sarituarekin, gonbidatuekin eta senidetutako 23 elkarte gastronomikoekin.
‘Irungo Erraldoia’ saria
Atsegiña Elkarteak 2015ean sortu zuen ‘Irungo Erraldoia’ saria “Irun hobea izan dadin laguntzen duten pertsona eta erakundeen lana” goraipatzeko eta saria “hiriaren alde zerbait egin eta haien izena harrotasunez daramatenei eskerrak emateko ikur bihurtzeko helburuarekin”.
Honako hauek izan dira beste urteetako saridunak:
- 2015: Real Union.
- 2016: Jon Sistiaga kazetaria.
- 2017: Koldo Salinas eta Shole txokolategileak.
- 2018: Jose Luis Azkue pianista.
- 2019: Mertxe Rekarte akordeoi jotzailea.
- 2020: Joseba Sarriegi atleta.
- 2021: Bidasoa Atletiko Taldea.
- 2022: Irungo osasun arloko langile guztiak.