Emakumeen Etxea irekitzeko ia prest dago
Hauteskundeak pasata ateak irekiko ditu espazioak. Hori bai, irailean jarriko dute martxan programazioa eta, orduan ere, Berdintasun saila zerbitzuak bertatik eskaintzen hasiko da.
Emakumeen Etxea ia prest dago irekitzeko, falta den gauza bakarra “moldaketa batzuk” egitea da espazioa juridikoki lantoki bezala deklaratzeko, Miren Etxebeste Berdintasun ordezkariak azaldu duenez. Gainera, hauteskunde kanpaina bihar hasiko da eta, bien bitartean, arduradun politikoek ezin dituzte inaugurazioak egin.
Beraz, apirilaren 17an irekitzea aurreikusi bazuten ere, maiatzaren 28ko udal hauteskundeen eguna pasa arte itxaron beharko da Istillaga plazako ataka berria irekitzeko. Orduan, bisitatzeko aukera egongo da.
Izan ere, programa, aholkularitza eta bestelako zerbitzuak iraila arte ez direla martxan jarriko aurreratu du Etxebestek: “Momentuz irekiko dugu Berdintasun saileko langileak egongo direlako bertan eta, aldi berean, zabalik egongo da emakumeentzat”.
Irekieraren data zein den aurrerago zehaztuko dute, baina ekainean izango dela aurreratu du Etxebestek.