Ekoetxea Txingudik bat egin du Hegazti Migratzaileen Mundu Egunarekin
Egun horren harira, bi jarduera antolatu dituzte asteburu honetan Plaiaundiko Parke Ekologikoan. Ekintzak doakoak dira, baina aurrez izena eman behar da.
Hegazti Migratzaileen Mundu Eguna ospatuko da larunbat honetan, hilak 13, eta Ekoetxea Txingudik bat egin du egun horrekin, bi jarduera antolatuta.
Larunbatean, 10:00etan, Gorka Gorospe ornitologoaren eskutik, ‘Txingudiko hegaztiak’ esperientzia egitasmoa ondu dute. Plaiaundiko Parke Ekologikoan zehar ibilaldi bat prestatu dute, inguruko espezierik ohikoenak eta hurbilenak ezagutzeko eta Txingudiko padura bezalako naturagunean berreskuratzearen eta kontserbatzearen garrantzia bistaratzeko. Bisita hori publiko orokorrari zuzenduta dagoela jakinarazi dute antolatzaileek. Edukiera mugatua izango duenez, aurrez izen ematea “ezinbestekoa” dela aurreratu dute.
Bestalde, igandean, hilak 14, 11:00etan, ‘Yincana berde’ esperientziarekin jolastera deitu dituzte adinekoak eta txikiak. Plaiaundiko naturagunean zehar konpondu beharreko pista eta probekin autogidatutako jarduera bat dela iragarri dute.
Bi jarduerak doakoak direla adierazi dute Ekoetxeatik, baina parte hartzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea Ekoetxearen webgunearen bidez.
‘Txingudiko Bestiarioak’ erakusketa
Ekoetxea Txingudik gogorarazi du, hilaren 18ra arte (osteguna) zabalik egongo dela Ekoetxearen egoitzan ‘Txingudiko Bestiarioak’ erakusketa. Plaiaundi Parke Ekologikoko espezieekin lotuta dago, eta animalia eta intsektu ezberdinak beste izaki imajinaezin bihurtzen direla nabarmendu dute. Erakusketaren bisita ere, gainontzeko ekintzen antzera, doakoa da.