Ficobak bere gaitasuna handitzeko ahalmena erakutsi du
Pabiloiak bere azaleraren errekorra hautsi du asteburuan. Ficobaren azalera estalia ohiko 5.000 metro koadroetatik 8.500 baino gehiagora handitu da HABEren eta Correosen azterketekin, 7.000 lagun inguru jasoz.
Ficobak bere azaleraren “errekorra hautsi” du asteburuan bi ekitaldi jendetsu ia aldi berean antolatuz. Ostegunetik larunbatera, HABEren euskara mailak egiaztatzeko azterketak egin ziren Irungo pabiloian 4.436 pertsonarekin. Igandean, aldiz, Correosen 573 plaza finkoetako batean sartzeko probetara 2.368 pertsona aurkeztu ziren. Orotara, ia 7.000 pertsona inguru izan dira ostegunetik igandera Ficoban, eta “ezohiko” egoera horri pabiloiak “erantzun ona” eman diola azaldu dute arduradunek antolaketaren eta logistikaren ikuspegitik, probetara aurkeztu ziren pertsona guztiei “erosotasuna” emanez.
Bi azterketetara aurkeztu ziren pertsonak jasotzeko, Ficobaren azalera estalia ohiko 5.000 metro koadroetatik 8.500 metro koadro baino gehiagora handitu zela jakinarazi dute pabiloitik. Correoseko azterketak egiteko karpa estali bat instalatu zen Ficobako kanpo erakusketaren gunean, 2.000 pertsona baino gehiagorako, pabiloiak okupatuta baitzeuden Eusko Skills Lanbide Heziketako olinpiaden muntaketarekin.
Asteburuko erronkarekin, Ficobak “bere gaitasuna handitzeko ahalmena” erakutsi duela adierazi dute pabiloiko arduradunek: “Modu praktikoan egiaztatu ahal izan da, benetako kasu batekin, nola erantzungo luketen azoka zerbitzuek, instalazioek eta bisitarien sarbideek esparruaren balizko handitzearen aurrean”.
Eusko Skills
Gaurtik ostegunera, hilaren 9tik 11ra, Ficobak Eusko Skills Lanbide Heziketako olinpiadak hartuko ditu. Arduradunek iragarri dute “ehunka ikasle” lehiatuko direla 28 mailetan. Eusko Skills Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzak antolatutako egitasmoa da, eta helburua Euskadiko Lanbide Heziketa zabaltzea dela esan dute.
Pabiloiko arduradunek baietsi dute Ficobak lehiaketa horren esku jarriko dituela “bere espazioak eta kategoria konplexuak eskatzen dituzten zerbitzu tekniko guztiak”; hala nola, soldadura, karrozeria, automobilaren teknologia, sukaldea, okindegia, CNC fresaketa, mekatronika, zibersegurtasuna edo cloud computing-a.
Ekitaldi horiekin, arduradunek nabarmendu dute Ficobak “berretsi” egiten duela ekitaldi jendetsuak “ingurune seguru eta erosoan eta bezeroen eta bisitarien eskura dauden instalazio eta zerbitzu tekniko onenekin sustatzeko konpromisoa”.