"Etorkizuneko Irun" eraikitzeko hauteskunde programa osatu du EH Bilduk
Etorkizunari aurre egiteko, "pertsonen ongizatea bermatzen dituzten erabakiak" hartu behar direla ziur da koalizioa. Zortzi puntu nagusiz osatutako programa eraiki dute.
Irungo EH Bilduk maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako osatu duen hauteskunde programa ezagutarazi du, “Etorkizuneko Irun” eraikitzeko helburua duena. Koalizio abertzaleak “irundarron bizitzak atsegin eta errazagoak izan daitezen” lanean diharduela baietsi du, eta horretarako, “pertsonen ongizatea bermatzen dituzten erabakiak” hartu behar direla ziur dira.
Koalizioaren ustez, “bizimodu osasungarria bermatuko duten hurbileko zerbitzu publikoekin” hornitu behar da hiria: kalitatezko osasun zerbitzuak, kiroldegiak, kultura jarduerak eta gizarte ongizateko baliabideak. “Azken finean, justizia sozialaren printzipioetatik abiatuta eraikiko den babes publikoko sare bat behar dugu, parekideagoan izango den Irun helburu”, gaineratu du hiriko EH Bilduk.
Horrez gain, “erantzuna behar duten gizarte erronka garrantzitsuak” daudela zehaztu du koalizio abertzaleak. Krisi klimatikoak eta biztanleriaren zahartzeak “bizimoduak aldatzera behartuko” dutela nabarmendu du koalizioak, eta aldaketa ororekin bezala, “baliatu beharreko aukera berriak zabalduko” direla ziur dira.
Hori lortzeko, arlo batzuetan “proposamen argiak” izatea “garrantzitsua” dela dio EH Bilduk: zaintzan, trantsizio energetikoan, ekonomia zirkularrean, berdintasun politiketan, mugikortasunean, kulturan edo gizarte ongizatean. Horiek guztiak datozen urteetan “funtsezkoak” izango direla esan du koalizio abertzaleak: “Tentuz planifikatutako neurriekin soilik egingo diogu aurre etorkizunari”.
Etorkizunari aurre egiteko, zortzi puntu nagusiz osatutako programa eraiki du Irungo EH Bilduk. Hona hemen:
- Gure hiri eredua: Gertutasunaren hiria.
- Elkar zaintza, bizitza duin baterako eskubidea.
- Kulturaren hauspotzea, hobetu beharreko ikasgaia.
- Trantsizio energetikoa, ibili beharreko bidea.
- Kirol Hiria: Hirugarren kiroldegitik, kirolaren herrira.
- Gazteen emantzipazioa, bizitza berrien garaia.
- Eskualdeko mugikortasuna hobetzeko erronka.
- Balio duenari balioa eman, tokiko merkataritza.
Irungo EH Bilduren programa osoa ikusi nahi baduzu, sakatu hemen.