EAJk "benetako erantzunen" hauteskunde programa aurkeztu du
Hamar ardatz ditu jeltzaleen hauteskunde programak eta kanpainari buruz aurreratu dute "proposamenez eta ilusioz josia" egongo dela.
Joan den astean iragarri zuen Irungo EAJk udal hauteskundeei begira osatu duten zerrenda eta aste honetan hauteskunde programa aurkezteko txanda izan da. Hamar ardatz nagusi dituen programa da ondu dutena eta “benetako erantzuna” ematen diola “Irunek bizi dituen arazoei” azaldu dute.
Arazo horiek, jeltzaleen arabera, “segurtasun eza, mugikortasun arazoak edo osasunaren eta lehen mailako arreta” dira. Horrez gain, egungo alkateak “abandonatuta eduki dituen proiektu guzti horiekiko konpromiso argia” dutela erakutsi nahi izan dute programan.
Burutu gabeko proiektuak zerrendatu ditu EAJk segidan: “Plaiaundiko kirol-instalazioen leku aldatzea eta berriak Txenperenean eraikitzea; Alde Zaharrekiko Korrokoitz eremuaren garapena; Iparralde-Gal eta San Migel-Anaka zonaldeen sustapena, etab”.
Nolako Irun nahi duten ere adierazi dute programaren aurkezpenean: “Irun hiri bizia, kohesionatua, solidarioa, komunitate-kontzientziaduna eta erakarpen-gaitasuna duena izatea nahi dugu”.
Bide horretan, Xabier Iridoi alkategaiak dio “urte eta hilabete hauetan auzo-elkarteekin, kirol eragile, eragile sozial eta kultural askorekin, profesionalekin eta herritarrekin hitz egin eta lan egin dugu, eta gehienek aldaketa eskatzen dute gehienek aldaketa eskatzen dute”.
Aldaketa hori “errespetuan oinarritutakoa” izan behar duela dio Iridoik, “eta ez inposaketetan”. Nolakoa behar lukeen ere zehaztu du hautagaiak: “Aldaketa sakona, modu eta izatean, irundarren bizi-kalitatea hobetu eta hiriari etorkizun hobea eskaintzeko. Aldaketa desiratua, posiblea eta beharrezkoa. Irun ekonomia indartsua duen hiria izatea nahi dugu, kalitatezko enplegua sortzen duena eta inor atzean uzten ez duena”.
Azkenik, kanpainari egin dio erreferentzia eta “proposamenez eta ilusioz josia” egongo dela argi du Iridoik. “Asmo handiko proiektuak ditugu, taldea dugu eta Irungo etorkizuna eraikitzeko gogoak ditugu. Irunek aldaketa bat behar du aurrera egiteko eta, hiri seguru, berde eta berdintasunezkoa izateko. EAJren apustua garbia da, Irunek aurrera egitea”.
Hona hemen, hitzez hitz, EAJk aurkeztu dituen hamar ardatzetako programa:
1- Irun seguruago bat. Udaltzainen plantillako giza baliabideak handitzeko, gune gatazkatsuenetan poliziaren presentzia handitzeko eta hurbiltasun-eredu berri baten gainean lan egiteko konpromisoa hartzen dugu. Hala ere, epe laburrean talka-plan bat martxan jartzea ere proposatzen dugu.
2- Anbulatorio berriak. Anbulatorio handi berri bat Irungo erdigunean, lau urteren buruan erabilgarri egon daitekeena, irisgarritasun onarekin, modernoa, zerbitzu gehiago eta punta-puntako teknologia izango duena. Gainera, beste txikiago bat Oinaurren, Dumboakoaren antzekoa, hiru urtetan Kateako zonaldeari zerbitzua emango diona
3- Via Irun 2030. Irunek merezi duen hiri-eraldaketa. Kolon pasealekuko zubiaren eta tren-geltoki berriaren arteko trenbideak estaltzea proposatzen dugu, eta San Migel eta Pio XII auzoak lotuko dituen zubi berri bat sortzea. Mugikortasun iraunkorreko lotura berri bat, auzoak lotuz eta Kolon pasealekuko trafikoa baretzen lagunduz.
4- Hiru hirietako bidegorria, mugikortasun iraunkorrari bultzada berri bat. Hiru hiriak lotuko dituen bidegorri bat eta oinezkoentzako pasealeku bat: Irun, Hondarribi eta Hendaia, Plaiaundiko parke ekologikoa inguratuz, Bidasoaren ertzetik. Plaiaundi eta Bidasoaren ertzaren zati batez gozatzeko aukera paregabea.
5- Begira dezagun Bidasoa aldera. Bidasoa ibaia hirian integratzea eta haren ertzeko tarte natural degradatu eta ingurumen-balio handiko horiek berreskuratzea, irundarren gozamenerako. Faisaien uhartearen parean etxebizitzarik ez eraikitzeko konpromisoa hartzen dugu, ezta Azken Portun (Pasquier-Recondo) aurreikusitako 200 etxebizitzarik ere.
6- Kiroldegi berria San Migelen. Pertsona guztien egunerokotasunerako instalazio estali, oso eta modernoak. Bi igerileku, udako solariuma, fitness-gela bat eta balio anitzeko pista bat dituen kiroldegia, baita terrazan kafetegi gune bat ere. Energia-kontsumo txikiko eraikina, jasangarritasun-irizpide aurreratuagoekin.
7- Kirol-instalazio berriak Txenperenean, kirol-kluben beharretara egokituta, 30 urte itxaron behar izan baitituzte Plaiaundiko kirol-instalazioen behin betiko kokalekua izateko. Ondoren, Plaiaundiko instalazioak desegin eta parke ekologikoa birnaturalizatu.
8- Aparkaleku Plana. Lurpeko aparkaleku berriak eta kudeaketa-politika berriak: Via Irunen 250 plaza. Junkal plazatxoan 70 plaza. San MigueIeko kiroldegi berrian. Eguzkitzan 150. PIO XIIko aparkalekua handitzea. Belartzan 170. Halaber, aparkaleku pribatuaren kudeaketa hobetzea ere, akordioen bitartez.
9- Bidegorri zabalak, seguruak eta konektatuak. Hiriaren erdigunean bidegorriak sortzea, segurtasun-neurri egokiekin, bidegorri zabalak, ondo seinaleztatuak eta babestuak, irundarrei mugikortasun jasangarri egokia erabiltzeko aukera eskaintzeko. Kolon pasealekuko bidegorritik hasi eta Nafarroa etorbideko igoeran beste bat egin.
10- Korrokoitz, gure hiriaren bihotza zaindu behar dugu. Irungo Alde Zaharrak behar duen biziberritzea da. Urte gehiegi zeramatzan ahaztuta, eta EAJtik erabakitasunez bultzatu genuen. Orain, eremua urbanizatuz garatzea eta etxebizitzak Alde Zaharreko estetikaren arabera eraikitzea da gure konpromisoa.