Txingudi Errugbi Taldea igoera gabe geratu da
Nagusitasunez galdu dute bidasoarrek Atletico San Sebastianen aurkako play-offa, eta igoerak ihes egin die.
Txingudi Errugbi Taldeko gizonen talde nagusia igoera gabe geratu da play-offean Atletico San Sebastianen aurka nagusitasunez galdu ondoren. Joaneko partida alde nabarmenarekin galdu zuten bidasoarrek (8-55) eta igoera lortzeko beharrezkoa zuten lehen neurketako aurkako markagailua iraultzea. Gauzak, baina, ez ziren nahi bezala atera, eta itzulerako partidan ere porrot nabarmena jasan zuten Txingudiko mutilek (70-5).
Bidasoarrak denbora luzez jardun behar izan zuten defentsan, baloi jabetza donostiarrena izan baitzen. Plakaketetan, defentsan eta meletan Txingudik “oso lan fina” egin bazuen ere, Atleticok “argi utzi zuen” Euskal Ligako Lehen Mailako taldea dela, eta bidasoarren lehen lerroa “behin eta berriz” zulatzea lortu zuten.
Erdiko sakea egin ondoren, donostiarrek aldeko mele bat lortu zuten eta lehen puntuak erdietsi zituzten. Txingudik, baina, defentsa “azkar berregin” zuen, eta Atleticoren erasoak gelditu zituzten “behin eta berriz”. Hala ere, plakaketetan egindako “huts egiteak” aprobetxatu zituzten donostiarrek, eta Atleticok bost entsegu erdietsi zituen atsedenaldira iritsi aurretik. 42-0ko markagailuarekin bukatu zen lehen zatia, eta kanporaketa iraultzea “ia ezinezkoa” bazen ere, “amore emango ez zutela” argi utzi zuten bidasoarrek.
Bigarren zatian baloiaren jabetzari eusteko asmoarekin zelairatu zen Txingudi, eta 62. minutuan saria aurkitu zuten partidako lehen entsegua lortuta. Hortik aurrera, neurketak ildo beretik jarraitu zuen, baina azken minutuetan donostiarrek bidasoarren defentsa lautan zulatu zuten. Partida 70-5 bukatu zen, eta ihes egin die igoeraren ametsak.
Play-offeko “porrota nabarmena” izan bada ere, bidasoarrak “pozik” dira egindako kanporaketarekin eta denboraldiari emandako bukaerarekin. Sasoi hasierako helburua mailaz igotzea bazen ere, egindako lana “ontzat” eman du Iñigo Camarero entrenatzaileak: “Denboraldi aurrean aurreko urteko jokalari askok taldea utzi zuten eta hasiberri dezente izan genituen. Maila berrira egokitzea ez da erraza, eta, gainera, baldintza horiek are eta gehiago zaildu dute gure lana. Hala ere, jokalariek partida guztiak borrokatu dituzte, denak batera ikasten eta aurrera egiten. Datorren denboraldiak lan horrek jarraipena izango du”.
Kontxako Txapelketa
Kontxako Hondartza Txapelketa jokatu zen atzo Donostian, eta Txingudi ordezkatua egon zen 10, 12 eta 14 urtez azpiko taldeen eta emakumeen taldeen eskutik. Atzoko topaketan, 40 talde eta 600 jokalari baino gehiago bertaratu ziren Kontxako hondartzara.