Hego ingurabidearen lanen bigarren faseak 24,2 milioi euro balioko ditu
Irungo Udalak azterketa bat egin du hegoaldeko errepide hau Behobiaraino luza dadin eta aurrekontua murriztu ahalko dela jakin dute. Obrak hasteko "konpromisoa" eskatu diote Foru Aldundiari.
Oinaurre eta Larreaundi elkartzen dituen hego ingurabidea 2021eko abenduan ireki zuten, baina obrak ez dira guztiz amaituak eta errepidea Behobiaraino luzatzeko asmoa zutela jada iragarri zuen Irungo Udalak.
“Beti defendatu dugunez, hego ingurabidea eraginkorra izango bada, Artia eta Behobia aldera jo behar du” adierazi dute gaur Cristina Laborda eta Miguel Angel Paez udal gobernuko ordezkariek. Horregatik, udalak obren bigarren faseari “erabakitasunez eta irmotasunez” ekin diola jakinarazi dute.
Dagoeneko Plan Orokorraren aldaketa enkargatuta dagoela oroitu du Paezek, eta proiektua idazteko enkargua egina dagoela ere bai. Baina, aldundiari zuzendu zaie udal gobernukideak “ezinbestekoa” baita “Foru Aldundiak dirua jartzea, lehenengo fasean bezala”.
Proiektuarekin aurrera egiteko bigarren bilera bat eskatu dutela azaldu dute PSE-EEko kideek baina ez dutela bilera egiteko eskaeraren erantzunik jaso deitoratu dute. “Ez dugu beste kasu batzuetan egin ez den ezer eskatuko: duela gutxi inguruko beste hiri batzuetarako errepideen esparruan iragarri zen gauza bera nahi dugu Irunerako”.
“Hitzetatik ekintzetara” pasatzeko eskaria egin diote gobernuko kideek, “hiriarekin konpromiso irmoagoa hartzeko eta errepideen gaineko eskumenekin ardura handiagoaz jokatzeko, hiria azpiegitura gabezian murgilduta baitu, hainbat esparrutan”.
Bien bitartean, Irungo Udalak azterketa bat eskatu du “hirira sartzeko zirkulazioa eta hiri barrukoa hobeto bereizteko trazatua aztertzeko”. Alegia, hiriguneko pasaerako zirkulazioa txikitzea dute helburu.
Ikerketa horren emaitzak jaso dituzte jada eta obrak sinpleagoak izan daitezkeela ikusi dute, aurretik idatzi zuten planaren arabera baino. Hori horrela, jarduketaren diru kostua 24,2 milioi eurokoa izango da eta ez 33 milioi eurokoa.
Lehenengo faseko lanen aurrekontua 7.048.544,04 euro izan zen, eta milioi bat baino gehiago Irungo Udalak finantzatu zuen.