Euskadiko kirol instalazioak erabili ahalko dituzte irundarrek ere
KirolTxartela Mugiment deituriko aplikazioa instalatu eta ekimenaren parte diren Euskadiko beste 153 kirol instalazioetara sar daiteke Irungo harpideduna.
Azken Portuk eta Artalekuk bat egingo dute maiatzaren 15etik aurrera KirolTxartela Mugiment ekimenarekin eta, hartara, Irungo kiroldegietako harpidedunek Euskadiko beste 153 kirol instalazio ahalko dituzte erabili.
Txartela birtuala izango da eta abonatuek KirolTxartela Mugiment izeneko aplikazioa instalatu, datu pertsonalak eman eta inolako kosturik gabe erabili ahalko dituzte beste herrietako kirol instalazioak.
Guztira 88 herrietako 153 kirol instalazio erabil daitezke egun, hala nola, pilotalekuak, kiroldegiak eta igerilekuak, eta horiek zehazki zeintzuk diren orrialde honetan kontsulta daitezke.
Koordinaketa hau Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu dutela jakinarazi du Irungo Udalak, sareari atxikitako beste udalerriekin elkarlanean.