[Argazki galeria] X. Bidasoa Txingudi Squash Saria, biribila
Ostiral eta larunbatean jokatu zen txapelketaren hamargarren ekitaldia, 43 partaiderekin. Txapelketa arrakastatsua izan arren, gimnasioko monitorearekin izandako liskarrarekin atsekabetu ziren.
Ostiral eta larunbatean Lur Alai Squash Klubak antolatutako X. Bidasoa Txingudi Squash Saria ospatu zen Artaleku kiroldegian. 43 kirolarik hartu zuten parte txapelketan: 25 gizon, 10 emakume eta 8 junior. Txapelketa “biribila” izan zela goraipatu dute parte hartzaileek.
Gizonak izan ziren pistara atera ziren lehenak, ostiral arratsaldean ekin baitzioten lehiari. Neskek eta juniorrek, aldiz, larunbatean jokatu zuten. Gizonen taulari dagokionez, Benedikta klubeko Aitor Yanguas jokalari sestaoarra gailendu zen. Neurketak bost setetara jokatu ziren, eta finalean 3-2 nagusitu zen sestaoarra Sergio Salgado eibartarraren aurka. Finala “gogorra eta oso parekatua” izan zela eutsi du Lur Alaik. Antolatzaileek azaldu dutenez, epaileek “zailtasun ugari” topatu zituzten finalean, jokalarien artean “asko oztopatu” zirelako. Epaileek pisu eta ardura “gehiago” hartu zuten partidaren norabidean, eta horrek “tentsioa igo” zuen azken setean. Izan ere, finaleko azken tantoa epaileek erabakitako erantzun batekin bukatu zen Yanguasen alde.
Emakumeetan txapelketa etxean geratu zen, Lur Alaiko Elise Dulac jokalari hendaiarra nagusitu baitzen klubeko Begoña Yarza irundarraren aurka. Dulacek nagusitasunez bereganatu zuen txapelketa, partida guztiak “erraz” gaindituta. Klubaren esanetan, “pixkanaka emakumeak squashean eta txapelketetan parte hartzen hasiak diren seinale oparoa islatzen dute”.
Junior mailari erreparatuz, Markel Reguero FreeSquash klubeko jokalari gasteiztarra nagusitu zen finalean Unax Mariezkurrena Lur Alaiko jokalari irundarra mendean hartu ondoren. Markagailuak 3-0ekoa islatu bazuen ere, jokoa “oso berdindua” izan zela nabarmendu dute antolatzaileek.
Liskarra gimnasioko monitorearekin
Txapelketa arrakastatsua izan arren, klubak jakinarazi du “penagarria” izan zela gimnasioko monitorearekin “sortutako liskarra”. “Klubaren hamar urte luze hauetan ez da inoiz horrelakorik gertatu. Orain gertatzea asko harritu eta kezkatu gaitu”, esan du klubak atsekabez.
Lur Alaik gogorarazi du “gimnasioko birmoldaketaren” ondoren, lehenengo squash pista gimnasioko ariketak egiteko erabili ohi dela txapelketarik ez dagoenean. Txapelketak daudenean, ordea, gimnasioko ariketak pasillora ateratzen dituztela gaineratu du klubak. Squash taldeko kideen esanetan, monitoreak esan zien gimnasiorako espazio eta pasabideak “libre” egon behar zirela, eta horretarako, txapelketa antolatzeko jarri ziren hainbat gauza zeuden lekutik “kendu” behar zirela, “txapelketako jokalariei pasilloan egoteko debekua ezarriz”.
Klubak adierazi du txapelketa antolatzeko “baimen guztiak” zituztela, baina gimnasioko langileak “zalantzan” jarri zituela baimen horiek, “bere burua jarriz gune horretako nagusi eta arduradun bakarra izango balitz bezala”. Egoera horrek “tirabirak, eztabaida sutsuak eta mehatxuak” eragin zituela baietsi du klubak, “giroa asko gaiztotuz eta txapelketa bertan behera uzteko kezka areagotuz”. Azkenean, “bakoitza bere lekura itzuli” eta txapelketak aurrera egin zuela nabarmendu du Lur Alaik, “nahiz eta tentsioa giroan mantendu zen monitorea gora eta behera ikusten zen bakoitzean”.
Gizonen sailkapena:
- 1. Aitor Yanguas, Benedikta.
- 2. Sergio Salgado, Eibar.
- 3. Xabi Azaldegi, Lur Alai.
Emakumeen sailkapena:
- 1. Elise Dulac, Lur Alai.
- 2. Begoña Yarza, Lur Alai.
- 3. Nagore Cirion, Benedikta.
Juniorren sailkapena:
- 1. Markel Reguero, FreeSquash Gasteiz.
- 2. Unax Mariezkurrena, Lur Alai.
- 3. Urko Martin, Donibane Iruña.