EAJk "indarrez eta ilusioz lan egingo duen" zerrenda aurkeztu du
Egun zazpi ordezkari ditu EAJk udalbatzan eta zerrendako lehen zazpien artean hiru hautagai berri proposatu dituzte.
Udal hauteskundeei begirako zerrenda osatu du Irungo EAJk ere eta horren berri eman dute Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagaiarekin batera. Zerrenda burua Xabier Iridoi izango da beste behin.
“Indarrez eta ilusioz lan egingo duten eta Irungo gizartearekin konpromisoa hartzen duten emakume eta gizonez osatutako zerrenda” dela baieztatu dute jeltzaleek eta Irunen potentzial guztia “aprobetxatzera eta etorkizunari erabakitasunez aurrera egitera” lagunduko dion taldea dela zehaztu dute.
Iridoik egungo alkatearen lidergo luzeari ere erreparatu dio: “Argitaratutako azken inkesten emaitzek argi eta garbi adierazten dute gero eta gehiago direla udalean lidergo berri bat eskatzen duten irundarrak. Gauzak egiteko modu berri bat eskatzen dabiltza gure hiritarrak, eta Santanok aspalditik blokeatuta dituen proiektu estrategikoak errealitate bihurtzeko bultzada argi bat behar du Irunek”.
Irun “paralisi” batean dagoela diote eta horri aurre egiteko EAJ dela “berme bakarra” azaldu dute. Hala, hauteskundeetarako osatutako taldeari egin diote erreferentzia: “Esperientzia, gaitasuna, freskotasuna, gaztetasuna eta hurbiltasuna uztartzen dituen talde bat aurkeztu dugu. Irundarrak gara, eta harro gaude horretaz”.
Hogei eta bost kideen profilak desberdinak direla diote, “enpresa pribatuan nahiz administrazio publikoan, finantza, kultura, edo osasun arloan ibilbidea duten pertsonak, eta hiriko elkarte sarearekin konprometituta daudenak”. Horrez gain, “kudeaketa eraginkorraren sinonimo den” taldea dela defendatu dute.
Egungo alkatearen ibilbidearen balantzeari ekin dio segidan Iridoik eta azken 20 urteetan “bete ez dituen promesak” deitoratu ditu: “Zerrenda amaigabea da: Plaiaundiko instalazioen lekualdaketa eta Txenperenean kirol-instalazio berri hauen eraikuntza, Alde Zahareko Korrokoitz eremuaren garapena, Iparralde-Galen eta San Miguel-Anakaren garapenak, San Juan inguruko hotela eta auditorioa… “.
Proiektu horiek onartu izana baina horiek aurrera eramateko gaitasuna jarri du ezbaian alkategaiak eta hiria “justifikaziorik gabeko paralisi egoera negargarrian utzi” duela adierazi du. Alkatea kudeaketa”eskasa” ezkutatzen saiatu dela uste du Iridoik “biktimismoan ezkutatuz, ,Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza bezalako hirugarrenak kritikatuz, eta EAJ etsai gisa aurkeztu propaganda-hedapen nekaezin baten bitartez”.
PSE-EEk “hiria geldirik, trabatuta eta betiereko eztabaidetan nahastuta” dagoela iritzi du hautagai jeltzaleak, “eta Gipuzkoako erreferentziazko bigarren hiri gisa dagokigun lekua hartzeko asmorik ez duena. Erabaki honek gure norabidea markatuko du”.
Zerrenda:
1. Xabier Iridoi Olaizola.
2. Lourdes Larraza Quilez.
3. Iosu Iguiñiz Etxebeste.
4. Urkiri Salaberria Gracia.
5. Gorka Alvarez Aranburu.
6. Naiara Fanlo Erauskin.
7. Jose Enrique Corchon Alvarez.
8. Iñigo Berges Ruiz.
9. Helena Lopez Agirrezabala.
10. Irene Kastezubi Arellano.
11. Maria Teresa Cortina Crespo.
12. Carlos Santiago Martin Oronoz.
13. Ana Isabel Iturria Vazquez (Independentea).
14. Roberto Martin Blanco.
15. Nestor Miguel Garcia Oquiñena.
16. Ibane Yarritu Alvarez.
17. Aitor Olazabal Hernandez.
18. Ana Maria Zapirain Calzada.
19. Aitor Olaizola Zubillaga.
20. Miren Jasone Ugarte Garcia de Andoin.
21. Manuel Maria Etxeberria Sedano.
22. Maria Izaskun Izagirre Esteban.
23. Miguel Agesta Aizpiolea.
24. Maria Elena Etxegoien Gaztelumendi.
25. Xabier Txapartegi Larrañaga.