Panelak, deportazioa pairatu zuten irundarrak omentzeko
Ostiralean ospatuko da aliatuek Mathauseneko kontzentrazio esparrua askatu zuteneko 78. urtemuga. Egun horren harira, Nicolas Gerendiain Elkarteak panel batzuk ezarri ditu Luis Marianon irundarren izenekin.
Nicolas Gerendiain Irungo Errepublikanoen Elkarteak jakinarazi du ostiralean, hilak 5, Espainiako Gobernuak ezarritako ‘Mathausenera eta beste kontzentrazio esparru batzuetara deportatutako eta hildako espainiarrak eta nazismoaren Espainiako beste biktima guztiak omentzeko eguna’ ospatuko dela. 1945eko maiatzaren 5ean, hain zuzen, askatu zuten aliatuek Mathauseneko kontzentrazio esparrua.
Nicolas Gerendiain elkarteak adierazi du omenaldi bat egin nahi diela 1940 eta 1945 urteen artean deportazioa pairatu zuten irundarrei. Pertsona horiek errekonozitzeko, panel batzuk jarri dira Luis Marianoko lorategietan, pertsona guztien izenekin. Panel horiek hilaren 7ra arte egongo dira ikusgai.