Bisita berezia jaso dute Txingudiko talde nagusiek
Lleidako eta Sarako neska-mutilak Irunen izan dira Txingudikoekin batera "errugbiaz betetako asteburuaz gozatzeko".
Txingudi Errugbi Taldeko emakumeen eta gizonen talde nagusiek errugbi taldeen eta errugbilarien bisita izan zuten asteburuan. Lleidako INEF taldeko hogeita hamar neska-mutil etorri ziren Irunera errugbiaz betetako asteburuaz gozatzera. Ostiralean, Txingudi Errugbi Taldeko jokalari eta kideekin batera, Biarritz Olympiquek Aguileran jokatu zuen partida ikustera joan ziren. Larunbatean, aldiz, hainbat jarduera egin zituzten Plaiaundin, Sarako Izarra klubeko emakumeen taldea ere gonbidatuz.
Nesken talde nagusiak entrenamendu bat egin zuen Izarra eta INEF taldeekin batera, joko egoera ezberdinak praktikatzeko eta ikasten jarraitzeko. Klubaren esanetan, Maider Aizpuruaren eta Asun Gamindezen jokalariek “aurrerapen” handiak egin dituzte plakaketetan eta jokoaren irekieran. Horrez gain, taldera emakume gehiago batu direla jakinarazi du Txingudik, taldea indartzen, sendotzen eta handitzen ari den seinale.
Mutilei dagokionez, Lleidako jokalariekin entrenatu zuten larunbat honetan izango duten neurketa garrantzitsua prestatzeko. Txingudiko mutilek igoerako play-offeko itzuliko partida jokatuko dute Atletico San Sebastianen aurka, 17:00etan, Hernaniko Landare zelaian. Igoera lortu nahi badute, bidasoarrek joaneko norgehiagokako markagailua irauli beharko dute, alde nabarmenarengatik galdu baitzuten Plaiaundin (8-55).
Klubak azaldu du bidasoarrek ez zutela Lleidarren bisita “alferrik galdu”. Bi taldeek baliabide ezberdinak probatzeko eta partekatzeko aukera izan zutela jakinarazi du klubak, intentsitate handiarekin. Entrenamenduaren berri txarra Teo Arruti Txingudiko jokalariaren lesioa izan zen. Jardunaldiaren bukaeran, bi klubek esker onak eman zizkioten elkarri, eta adiskidetasunezko afari bat partekatu zuten.